Sustatu logoa Teknologia albisteak

Yahoo! katalanez hasiko da datorren otsailean

Joxe Aranzabal - HUHEZI
2001-12-11 20:12

Yahoo! Interneteko ataririk aspaldikoena, eta askoren ustez bisitatuena, katalanez hasiko da lanean bi hilabete barru. Yahoo!-k agertu omen zuen honetarako asmoa, baina diru gehiena herritarrek ipiniko dute. Izan ere, Katalunia, Andorra eta Balear Uharteetako gobernuek atzo sinatu zuten hitzarmena proiektua ordaintzeko. Valentziakoa jakinaren gainean omen zegoen, baina ez du parte hartu. Katalana 18. hizkuntzarik garrantzitsuena bide da Interneten: aurten 750.000 web orri daude argitaratuta hizkuntza horretan.

Otsailetik aurrera, katalanek aukera izango dute beren hizkuntzan erabiltzeko Yahoo! bilatzailea encatala.yahoo.com helbidean. Hasieran zerbitzu berri honek eramango ditu erabiltzaileak katalanez dauden hainbat direktoriotara. Aukera emango die, halaber, albisteak jasotzeko. Poliki-poliki, baina, Yahoo!-ren gainerako zerbitzuen parean jarriko da. La Vanguardiak argitaratu duenez, atzo sinatu zen hitzarmena. Alde batean Yahoo! enpresa zegoen han eta bestean Katalunia, Andorra eta Balear Uharteetako gobernu buruak. Proiektuak 100 milioi pta balio du eta kostoak horrela banatuko dira: Kataluniak 30 milioi ipiniko ditu, Andorrak 15 eta Balear Uharteek beste 15. Gainerakoa Nominalia-k, Kataluniako Irrati-telebistak eta Yahoo!-k berak jarriko dute. Valentziako gobernuak ez du ezer jakin nahi izan egitasmo honekin, nahiz eta jakinaren gainean omen zegoen. Bi urte behar izan dira proiektu hau aurrera ateratzeko, baina azkenean hortxe dago. Katalanek garrantzi handia eman diote, batez ere bidea erakuts diezaiekeelako beste enpresa batzuei, tartean Terra atariari. Honek Bartzelonan du egoitza nagusia, baina eduki guztiak gaztelaniaz ditu. Atari berriaren edukiak Bartzelonan, Madrilen eta Estatu Batuetan landuko dira. Katalana 18. hizkuntzarik garrantzitsuena bide da Interneten: aurten 750.000 web orri daude argitaratuta hizkuntza horretan. Non gaude gu?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu