Toribio Etxebarria enpresa ideien sariak eman berri dituzte gaur arratsaldean Eibarren. Irabazleak, enpresa ideietan, Simeon Barroso informatikariaren Diana Teknologia egitasmoa; eta, enpresako berrikuntza teknologikoan, Ocamica Hnos. Urko enpresaren proiektu bat
Diana Teknologia informaziorako teknologien eta hizkuntzaren prozesamendu naturalerako tekniken uztarketan lan egingo duen proiektu bat da. Enpresako gestioan lagungarri izango diren tresnak sortzea da asmoa. Simeon Barroso enpresaren promotorea informatikaria da, bere proiektu propio honetan lantzatu aurretik, Adur Software Products enpresan lan egin izan du.
Enpresa ideien alorrean, bigarren saria Digital Studio enpresa egitasmoarentzat izan da. Multimedia produktuen Internet bidezko zabalkundea (streaming teknikak eta zerbitzariak) dira etxe honen lana.
Enpresa barneko berrikuntza teknologikorako proiektuetan, Eibarko Ocamica Hnos Urko enpresak irabazi du lehen saria. Eskuko tresnak egiten ditu 70 urte beteak dituen enpresa honek, eta orain torloju mota iraultzaile bat garatzeko asmoa du sariari esker.
Alor honetako bigarren saria, Euskal.com enpresak eraman du. Telebistarako produkzioak eta webguneak egiten dituzte hauek, besteak beste.
Sari banaketan, Josu Jon Imaz Jaurlaritzako Industria sailburua eta Coverlink enpresako ekintzaile Gonzalo Zuñiga izan dira hizlari besteak beste. Ekitaldian Santiago Oleaga zenari (ETAk hildako Diario Vascoko finantza arduraduna eta Toribio sarien bultzatzaile hainbat urtetan) omenaldia ere egin zaio. Bide batez, orain Bic-Berrilan enpresa biberoaren egoitza ari dira inauguratzen, hemen bertan nire atzean, lerro hauek idazten ari naizela...
Erantzun
Sartu