Teknologia albisteak
1

Dorre Bikiak, Kutxaren egutegi harrigarrian

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo - CS
2001-12-10 : 23:12

Manhattan uretatik ikusia. New York-eko skyline ezaguna, dorre bikiak zutunik bertan, eta haren parean, lehen planoan, arrantzale jubilatu bat Maitasuna izeneko txalupa batean, txipiroietan-edo. Zer da hau? Photoshop-aren artistaren batek Osama bin Laden-en inguruan egindako N-garren txantxa? Ba ez. Gipuzkoa Donostia Kutxak ateratako 2002. urteko egutegian dator. Egin klik eta ikusi argazkia, harri eta zur gelditzeko.

Garai batean euskal aurrezki erakundeen egutegiak kostunbrismoaren, jatortasunaren eta Ama Lur Euskal Herri maitearen bazter ederrenen biltegia izaten ziren. Ba orain beste zerbait dira. Kutxaren 2002ko egutegiaren motiboa zera da: Gipuzkoa Mundura Zabalik. Eta zera diote: Mundu berri honetan, teknologiari esker, dena denetik hurbil dago. Gu geu ere mundu horren zati gara. Eta mundu osoa da, dagoeneko, gure kulturaren osagarri.

Egutegia Publis NCM Donostiako etxeak diseinatu du. Ez dago argazkilarien erreferentziarik. Irudiei dagokienez, honakoak dira.

  • Macchu Picchun, Haizearen Orraziaren burdina kiribilduak.
  • Ttuntturroak (ez bereziki gipuzkoarrak, ezta?) Buckingham Palacetik irteten (edo holako lekuren batetik), goardia aldaketa bailitzan.
  • Egiptoko Karnakeko harrien artean, Arantzazuko elizako dorreak eta Oteizaren apostoluak.
  • Dorre bikien aurrean, txalupa bat New York-en.
  • Txinako harresian, deman idien uztarria baserritar batzuekin.
  • Atenasko Partenoiaren harrien artean, harrijasotzailea bere lanean.
  • Getariako San Anton mendia (Arratoia ere esaten diote) Karibeko uharte batean balego bezala, palmerekin eta.
  • Washingtongo Etxe Zuriaren aurrean, Kontxako barandila.
  • Veneziako kanaletan, estropada bat (Zumaiako Telmo Deunekoak ari dira).
  • Erromako Koliseoaren aurreko zelai batean, segalaria belarra ebakitzen.
  • Londresko dorrearen zubiaren aurrean, Getariako bafore bat.
  • Donostiako Kursaala, Parisko Pigalle auzoan, Moulin Rouge-aren inguruan.

Egin klik hor behean New Yorkeko irudia ikusteko.

Erantzunak

miren gabantxo
2001-12-11 : 15:33

Gipuzkoa mundura zabalik..., edo Gipuzkoa bere munduan?


Oso argi ez daukat.


Argazki honegaz, Kutxak, Ama Lur Euskal Herri Maitearen bidetik jarraitzen dauela emoten dau.


Irudia bukolikoa da, amets bat. Dorre bikiak zutunik eta pertsonarik onenaren estereotipoa bertan arraunetan.


Zera diosku: gu, euskaldunok, jende jatorra, ona, Newyorkeko maitasunezko uretan txilipitxerotan..., ze politxo...


Hau da, munduan, Newyorken, gure modukoak balira, ziur gauzak hobeto joango liratekela.


Gora gu ta gutarrak!


Beste interpretazioren baten zain, laster arte.


Erantzun

Sartu