Sustatu logoa Teknologia albisteak

Badator Bat-bateko Mezularitza Euskal Herrira

Joxe Aranzabal - HUHEZI
2001-11-24 21:11

Ipar Ameriketan eta Asian milioika lagunek erabiltzen dute Bat-bateko Mezularitza (BBM) mezuak bat-batean trukatzeko sarean. Jon Larrañaga eta bere ikaskideak, denak Enpresa Ikasketak egiten Donostian, orain pare bat hilabete hasi ziren horrelako programa bat erabiltzen. “Izugarri ondo datorkigu taldeko lanak bakoitza bere etxetik baina taldean egiteko. Bestela ezingo ginateke egunero bildu, elkarrengandik oso urruti bizi gara eta”, dio ikasle mondragoetarrak.

Jon Larrañagak entzuna zuen Bat-bateko Mezularitza, baina aurten arte ez dio kasurik egin. Irailean, berriz, ESTEra itzuli zenean, berak eta bere ikaskideek erabaki zuten horietako programa bat probatzea, batez ere taldeko lanak koordinatzeko.
Microsoft etxearen MSN programa ezarri zuten denek beren ordenagailuetan eta… voila! Orain ia egunero lotzen dira sarean eta gaueko ordu txikietan ere artxiboak trukatzen ibiltzen dira. “Zuzenketak taldean egiten ditugu eta eztabaidak ere bai. Talde lana suspertu egin da gure artean. Honi esker, esan liteke intranet bat dugula guretzat bakarrik. Asmakizun itzela da hau”.
Ipar Ameriketan eta Asian batez ere, pare bat urte izango dira bat-bateko mezularitza erabiltzen hasi zirela. Eta gaur egun milioika lagunek erabiltzen dute egunero.
Jupiter Media Metrix etxeak adierazi du (www.jmm.com) joan den irailean amerikarrak 4.900 milioi minutu ibili zirela lanetik mezuak hitzetik hortzera bidaltzen. Etxetik, berriz, are eta gehiago: 13.600 minutu.
Programarik erabilienak AOL, MSN eta Yahoo dira. Oraingoz AOL omen da liderra. Irailean 41,7 milioi lagunek erabili zuten AOLen bat-bateko mezularia etxetik eta beste 8,8 milioik lanetik. Microsoft da bigarren. Honen MSN 18,5 milioi lagunek erabili zuten etxetik eta beste 4,8 milioik etxetik. Yahoo Messenger, ostera, 11,9 milioi amerikarrek erabili zuten etxetik eta 3,4 milioik lanetik.
Badira beste enpresa batzuk ere bat-bateko mezularitzarako programak ateratzen ari direnak: Sun Microsystems, Bantu, Odigo eta Ikimgo, besteak beste.
Walt Mossberg kazetariak (www.ptech.wsj.com) AOL eta MSN probatu ditu 7.0 bertsioetan eta, haren ustez, oraindik ere AOL da onena. Horixe azaldu du aste honetan The Wall Street Journal egunkari digitalean. Hala ere, biziki goraipatu du MSNk azken bertsioan egin duen aurrera saltoa eta zorrotz kritikatu du AOL, berrikuntza gutxi sartu dituelako azken bertsioan.
Kritikak kritika, Jon Larrañagak argi du bat-bateko mezularitzak arrasto sakona egingo duela Euskal Herriko internauten artean. Dagoeneko ezinbestekoa bihurtu da Enpresa ikasleen artean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu