Teknologia albisteak

Jaurlaritzaren laguntzak euskara teknologiaren bidez sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel - CS
2001-11-19 : 20:11

Aurten euskara teknologia berrien bidez sustatzeko emango diren dirulaguntzen zerrenda argitaratu du Jaurlaritzaren boletinak, EHAA edo BOPV delakoak. Eusko Jaurlaritzako Kultura Hizkuntza Politikarako Sailordetzak egin zuen deialdia udaberrian, eta uztailean ebatzi ziren laguntzak nori eman. Hala ere, azaroaren 12a arte ez da publiko egin ebazpena EHAA-n. Diru gehien izango duten proiektuak (hiruna miloi pezeta), Adur Software Products, Elhuyar eta Menudos Multimedia SA-ren proiektu batzuk izango dira.

Hemen duzue ebazpen konpletoa. Hor ageri direnak ez dira bakarrik teknologia berriei dagozkienak, baizik eta euskara sustatzeko beste dirulaguntza multzoak ere bai. Bereziki Internet eta teknologia berriak ukitzen dituen atala B2 delakoa da, eta horretan, diru gehien eraman duten proiektuak hauek dira:

  • Adur Software Products etxea: Irakaskuntza eta aisialdirako materiala elektronikoki sortzeko eta kudeatzeko sistema pilotoa (IMES). 3.000.000
  • Elhuyar. Zientzia.net. Zientzia eta teknikaren atariaren eguneroko jarduera eta garapena 3.000.000
  • Menudos Multimedia, SA. www.txikiak.com 3.000.000
  • AEK. Egalik programa, 2.770.040
  • Urtxintxa Eskola. Euskal jolasak: CD-Rom egitasmoa 2.054.158
  • Elhuyar. Gazteentzako zientzia eta teknikaren ataria 2.870.000
  • Eusko Ikaskuntza. Euskonews, 2.503.165
  • Taller de Imagen de Algorta, SL. Mitos en la red en euskera 1.938.300
  • AEK. Korrika 12ren webgunea, 1.871.000

Onarpenik eta dirulaguntzarik izango ez duten proiektuen artean, honako hauek gelditu dira dirulaguntza hauen bidean: Trikitixa Eskola On Line, Postal Zerbitzua On-Line, Esaera zaharren bilduma Interneten, eta honako izenak izan behar dituzten (edo zituzten) proiektuak: Txukun.com, bizkaiera.net, bertso.net, xoxoa.com, gazteleku.com, ikasgunea.net...

Erantzun

Sartu