Teknologia albisteak

Stephen Jay Gould Eibarren izango da, Prosa Zientifikoari buruzko biltzarrean

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - Mondragon Unibertsitatea
2001-11-15 : 10:11

Stephen Jay Gould paleontologo amerikar ospetsuak Eibarren hitz egingo du abenduaren 13an, Prosa Zientifikoari Buruzko Biltzarrean. Hiru egunean zehar, idazle eta zientzilari asko bilduko dira Markeskoa jauregian, gai horrekin zerikusirik dutenak. Euskal Idazleen Elkartea, Elhuyar eta Eusko Jaurlaritza dira antolatzaileak.

Gaur egungo Darwin deitzen diote askok nazioartean. Horrenbeste ez izanda ere, egia da ospe handiko zientzilaria dela Stephen Jay Gould paleontologo amerikarra.
Harvard Unibertsitateko irakaslea da aspaldi honetan eta paleontologia, biologia, geologia eta zientziaren historia irakasten du han. Hogei bat liburu plazaratu ditu (horietako bat euskaraz argitaratua Gaiak argitaletxean, oker ez banabil) eta ehunka artikulu, saio eta kritika.
Bada jaun honek irekiko du Prosa Zientifikoari Buruzko Biltzarra Eibarren. Toribio Etxebarriak berak ere pozik entzungo lioke. Gould-ekin batera, beste hamasei hizlarik hitz egingo dute abenduaren 13an, 14an eta 15ean, Markeskoa jauregian. Besteak beste, Jose Ramon Etxebarriak, Iñaki Irazabalbeitiak, Pili Kalzadak, Kepa Altonagak eta Andoni Sagarnak.
Era guztietako gaiak jorratuko dira jardunaldiotan: diskurtso zientifikoaren argota, euskal prosa zientifikoaren historia, etab., etab.

Erantzun

Sartu