RAWA Afganistango Emakume Iraultzaileen Elkartea da eta oharra kaleratu du Nazio Batuei eta Nazioarteko Komunitateari dei eginez. Azken finean Iparraldeko Aliantza eta talibanak berdinak direla salatzen dute.
Afganistango herriak ez du Iparraldeko Aliantzaren dominazioa onartzen!
Jakina da talibanek Kabuletik alde egin dutela eta Iparraldeko Aliantzakoak sartu direla hirian.
Munduak ulertu beharko luke Iparraldeko Aliantza hainbat taldek osatzen dutela eta talde horiek erakutsi zutela, 1992tik 1996ra Afganistan kontrolpean izan zutenean, zertarako gai diren.
Positiboa da Kabuletik terrorista talibanak bidali izana, baina Iparraldeko Aliantzakoak sartzea oso albiste txarra da Kabulen bizi diren bi milioi biztanlerentzat, 1992-1996 urteetan jasandakoa oraindik ahaztu ez dutela kontuan hartzen badugu.
Azken bi hilabeteetan Kabul utzi duten lagun askok behin eta berriro errepikatu dute beldur handiagoa diotela Iparraldeko Aliantzak boterea hartzeari, EEBBn bonbardaketei baino.
Talibanak eta Al-Qaeda birrinduak izango dira, baina Iparraldeko Aliantzaren izate militar hutsak talibanen hatzaparretatik askatutako Afganistan libre baten aldeko gehiengoaren amets zoriontsua desegingo du. Iparraldeko Aliantzak areagotu egingo ditu erlijio eta etnien arteko gatazkak eta ez dio muzin egingo boterean mantentzeko guda zibil bukaezina xaxatzeko ahaleginari. Horretarako nahikoa da Mazar-e-Sharif-en azken egun hauetan eginiko lapurretak eta taliban eta hauen konplizeen aurka eginiko sarraskien berri jasotako albisteak kontutan hartzea.
Iparraldeko Aliantzak oso ondo ikasi du Mendebaldearen aurrean bere aurpegi "demokratikoa" agertzen, baita horretarako emakumeen eskubideen defendatzaile gisa agertzen ere, baina itxurakeria besterik ez da.
RAWAk dokumentatu ditu orain baino lehen ere Iparraldeko Aliantzak eginiko krimen arbuiagarriak. Denbora agortzear dago. RAWAk dei egin nahi die NBri eta Nazioarteko Komunitate osoari gure Afganistan maitean azken bolada honetan gertatzen ari den egoera tamalgarriaren aurrean adi eta erne egon daitezen, agian laster beranduegi izango da eta.
NBei eskatu nahi diegu bake-indarrak bidal ditzatela gure herrira, Iparraldeko Aliantzak lehen aipatutako krimen ahaztezinak errepikatu aurretik.
NBek ez luke errekonozitu behar Gobernu Islamdarra bataiatu duten Rabbaniren gidaritzapeko gobernua eta oinarri demokratikoak kontuan hartuz osatu beharreko gobernua bultzatu beharko luke, ahalik eta jende gehiena bilduz haren inguruan.
RAWAren deiak Afganistango herriaren gehiengoaren nahiak biltzen ditu bere baitan.
Afganistango Emakume Iraultzaileen Elkartea (RAWA)
2001eko azaroak 13
Hau zer da? Afganistango emakumeen hoax famatu hura? Sustatu inauguratu ere ez da egin eta spam-a iritsi da!
:-)