Teknologia albisteak

2001eko Euskadi Sariak, polemika eta guzti

Erabiltzailearen aurpegia
CS - Luistxo Fernandez
2001-11-12 : 16:11

Bihar, hilak 13, asteartearekin, emango dituzte ofizialki Euskadi 2001 Liburu sariak Gasteizen Ibarretxe lehendakaria buru dela egingo den ekitaldi batean. Ekitaldia majo girotu da polemika batekin: epaimahaiko kide bat oker bategatik deitu zutela salatu du Koldo Izagirrek idazleak, izen bereko beste idazle batek egon behar omen zuen haren lekuan... Sariei dagokienez, horra saridunak: euskarazko literaturan, Ramon Saizarbitoria ("Gorde nazazu lurpean" liburuagatik); haur literaturan Karlos Linazasoro ("Bota gorriak" obrarekin); itzulpenean Josu Zabaleta (Guy de Maupassanten lan baten itzulpenagatik, "Fantasiazko ipuinak").

Aurtengo sariak polemika polit batekin datoz hornituta. Joan den ostegunean, Koldo Izagirreren artikulu gogor bat zekarren Egunkariak, non Izagirrek sariaren epaimahaia antolatzerakoan gertatu den ustezko errore baten berri ematen duen. Epaimahaian Joxe Agustin Arrieta Egiguren apaiz eta iritzigilea dago (Euskal Idazleen Elkarteko kidea), baina JA Arrieta horri deitu badiote, Izagirrek dioenez, okertu egin direlako da: nonbait beste Joxe Agustin Arrieta batek egon behar zuen epaimahaian, Joxe Agustin Arrieta Ugartetxea, Manu Militari eleberriaren egilea eta hainbat lanen itzultzailea (Max Frisch-en Homo faber, William Golding-en Eulien ugazaba eta Marguerite Yourcenarren Hadrianoren Oroitzapenak). Nonbait Franco jeneralari ministro baten izendapenean gertatu zitzaiona errepikatu omen da oraingoan, norbaitentzako mandatua izen berdinekin beste lagun bati iritsi zaiola, tarteko mezulariren batek egindako akatsa medio.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Roman Berriozabal Azpitarte Euskadi Literatura Sarien koordinatzailearen bitartez, guztiz gezurtatu du konfusioa izan denik. Joxe Agustin Arrieta Egiguren badago epaimahaian, propio hari deitu zaiolako izan da. Egunkarian argitaratu duen artikulu batean," zuzenketa eskatzen dio Berriozabalek Koldo Izagirreri, eta bereziki Joxe Agustin Arrieta Egigureni barkamena eskatzeko.

Erantzun

Sartu