Denok izan ditugu, seguruenik, e-posta mezuen fetxa kontuekin lotutako konfusioren batzuk. Horren harira, atzo, Iban Zaldua historialari eta idazleak zutabe antologiko bat idatzi zuen Euskaldunon Egunkarian. Hiru parrafotan, nobela bat. Halako zutabeak idazten ditu Zalduak. Interneti buruzko literaturarik idatzi da euskaraz? Ez dakit. Niretzat zutabe hau sartzen da kategoria horretan, behintzat. Hor doa.
Iban Zaldua
Urriaren 27an Patxiren e-mail bat jaso nuen, baina orduan ez nion ezer berezirik sumatu. Laburra zen; biharamuneko arratsaldeko zazpietan betiko lekuan genuen hitzordua oroitarazten zidan bakarrik. Nik ez nuen hitzordu hura gogoan, baina, oso ahanzkorra naizenez, ez nintzen harritu. Hurrengo egunean, zazpietan puntu-puntuan, hantxe nengoen. Patxi ez zen agertu. Horrek ere ez ninduen harritu, Patxi oso lanpeturik baitabil azken bolada honetan. Baina, etxera itzultzean, bere mezua berreskuratu nuen, badaezpada; argi zegoen, ordea: Bihar, 19:00etan, betiko lekuan
. Mezua ixtean ohartu nintzen: ez zuen aurreko eguneko data, azaroaren 3koa baizik. Irribarrea atera zitzaidan: Patxik bere mezuak nabarmentzeko metodo hutsezina topatua zuen. Ordenagailuko egutegia astebete aurreratuz, haren mezuak lehenengoak izango ziren beti hartzailearen zerrendan. Telefonoz deitzekotan egon nintzen, trikimailuagatik zorionak emateko, baina telebista ikusten hasi nintzen, eta guztiz ahaztu nintzen kontuaz.
Biharamunean beste mezu bat bidali zidan. Kargu hartzen zidan zitara agertu ez izanagatik. Patxik horren gustuko dituen txantxa horietako bat zela pentsatu nuen, eta ez nion garrantzirik eman. Mezuaren data azaroaren 5ekoa zen.
Azaroaren 2an Patxik telefonoz hots egin zidan, azaroaren 4rako hitzordua proposatuz: Ohiko lekuan, zazpietan
. Ez nintzen artean jabetzen. Oraingoan behintzat azalduko haiz, ezta?
, bota nion, baina berak ez zuen ulertu: Zer diok? Ahaztu ohi dena hi haiz eta...! Begira: bihar e-mail bat bidaliko diat, gogorarazteko
. Baina azaroaren 3an ez zitzaidan Patxiren mezu hori heldu, beste hau baizik: Sentitzen diat hire arrebarena. Elkar ikusiko diagu arratsaldean: hiletara joango naizela agintzen diat
. Mezuaren data azaroaren 10ekoa zen. Orduz geroztik hainbat alditan deitu dut arrebaren etxera, ea zer moduz dagoen galdetzeko. Ondo dagoela erantzun dit guztietan, eta ea tontatuta nagoen, ala zer. Oraintxe bertan deitu diot berriro ere, baina ez du erantzuten.
Erantzun
Sartu