Teknologia albisteak

Telefonoa eta eskuko ordenagailua, batera

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - Mondragon Unibertsitatea
2001-11-03 : 11:11

Handspring eta Danger Inc. enpresek antzeko produktu bi iragarri dituzte datorren udaberrirako: telefonoa eta eskuko ordenagailua bateratuko dituztenak. Lehenak Palm sistema eragilea erabiliko du. Bigarrenak, aldiz, berea. Biak ere biak kreditu txartelak baino apur bat handiagoak izango dira.

Orain arte egin izan da ahaleginik telefonoa eta eskuko ordenagailua (PDA) tresna bakar batean batzeko, baina arrakasta handirik barik. Sakelako telefonoek energia larregi erretzen dute; PDAk, ostera, handiegiak omen. Bien interfaceak, gainera, oso desberdinak izan dira.

Hala ere, badirudi arazoak laster izango duela konponbidea. Izan ere, bi enpresak Handspring-ek eta Danger Inc. izenekoak iragarri dute tresna bana, telefonoa eta eskuko ordenagailua uztartuko dutenak. Motorola eta Microsoft ere antzeko produktuetan ari omen dira lanean.

Handspringek Treo 180 izeneko produktua iragarri du, kablerik gabea, kreditu txartel bat bezain txikia, teklatu txiki batekin eta Palm sistema eragilea erabiliko duena. Telefono itxura izango du, PDArena baino.

Danger Inc. enpresak, bestalde, Hiptop produktuaren berri eman du, hau ere datorren udaberrirako. Aurrekoa bezain txikia, bere sistema eragilea izango du eta Java aplikazioak erabiltzeko gauza izango da. Honek ere teklatu txiki bat eramango du eta, Handspringena ez bezala, PDA itxura izango du.

Nork irabaziko du merkatua? Ez dago argi. Erabakigarria izan liteke jendeak zer nahiago duen eskuan erabili: telefono antzeko zerbait ala PDAren tankerako bat.

Eta Microsoftek zer? Zenbait adituk diote oraingoan ere ez duela asmatuko. Izan ere, orain arte bezala, jo eta ke omen dabil Windows XP eta Windows CE batera sartu guran traste horietan, Office pakete osoarekin batera. Nork nahi du, baina, horrenbeste gauza eskuko ordenagailutxo batean? Azken batean, garestitu eta moteldu baino ez dute egiten gailua.

Udaberriaren zain geratuko gara, beraz.

Erantzun

Sartu