Veleia: aurkikuntzak, zalantzak eta eztabaida anonimoak
2006. urtea polemika handi baten piztuera izan zen Euskal Herrian: Veleia afera. Eta Sustatu 25 urte sortan ere merezi lezake agerpena, ustezko euskarazko idazkunen gaineko susmoak agertzen hasi zireneko artikulu honekin adibidez: Veleia, aurkikuntzak eta zalantzak.
Gauza batek atentzioa deitzen du orduko mezu horretan, erantzun sorta nagusiki anonimo bat. Asier da izenpe bat, eta beste bat da Beste Asier bat. Eta hurrengo hilabeteetako mezuetan, berdintsu, gaia agertzen zen eta erantzun kateatu mordoa. Baita lau urteren buruan ere, adibidez, 2010eko honetan, Patxi Huarte Zaldieroak sinatutakoan edo Alberto Barandiaran kazetariak idatzi zuen liburu argigarriari egurra eman zioten honetan.
Erantzun kate haiek desagertu dira Sustatutik. Garaia aldatu da eta iritzi-emate eta eztabaida-erantzunak joan dira nagusiki sare sozialetara. Baina ez da hori arrazoi bakarra erantzunez eta eztabaidaz libre ikusteko Sustatu aspaldi honetan: anonimotasunaren kontrako arauak eta traba teknikoak ezarri ziren hemen 2010eko hamarkadan, eta horrek ere badu eragina.
Lehenago, formularioa bete, Marguerite Yourcenar sinatu, eta bidal zenezakeen artikulu bat. Gero, fase batean, Twitter edo Facebook identitateekin lotu zezakeen erabiltzaileak bere Sustatu profila, eta horrek balio zigun identatitate frogatxotzat. E-E-posta bidez sortu eta baieztatu behar zen bestela identitatea edo izenpea ; eta aski izan da hori eztabaidak kentzeko.
2020ko hamarkadan apenas erantzuten du inork Sustatun. Baina zaborra ebitatzen da, bederen.
Faltan botatzen duenak hori, aurki ditzake beste foro batzuk nahi duena botatzeko erantzunetan. Gazteleraz Vocentoko albisteen erantzun kateak daude edozer irakurtzeko; eta euskaraz kontrol gutxiko erantzunak eta eztabaida intensoak Zuzeun aurki daitezke. Han Veleiarekin dabiltza 2026an ere, adibidez artikulu honetan.
Erantzunak kargatzen...