Zineuskadik 160.000 € bideratuko ditu aretoei laguntzeko. Zinema-aretoei zuzendutako diru-laguntzak dituen autonomia erkidego bakarra da EAE. 125.000 € gehienez 3 pantaila dituzten aretoei bideratuko zaie. Gainerako 25.000 € 3 pantaila baino gehiago dituzten aretoentzat da, eta 10.000 € Zinema Euskaraz programako pelikulak proiektatzeko izango dira.
Gaur, ekainak 11, Trueba Zineman Euskadiko aretoei zuzendutako jardunaldia izan da, Zineuskadi elkarte publikoak antolatuta. Sektorearen balantzea egin dute jardunaldian, eta Zineuskadi sustatzen ari den laguntzei eta ekimenei buruzko informazioa ere eman dute. Zineuskadik laguntza eta ekimen horiek martxan jarri ditu, EAEko zinema-aretoetan eragin positiboa izateko asmoarekin. Programadoreen eta zinema-aretoen parte-hartzea oso ona izan da.
Jardunaldia 10:30etan hasi da Clara Monteroren hitzaldiarekin (Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendaria eta Zineuskadiko lehendakaria). Zineuskadi hainbat ekimen lantzen ari da, eta ekimen horiek zertan diren azaldu du Clara Monterok. “Alde batetik, Zineuskadik 160.000 €-ko diru-laguntza bideratu du zinema-aretoentzat. Diru-laguntza horrekin areto txikiei lagundu nahi zaie bereziki; hori dela-eta, diru-laguntza osoaren zati bat, 125.000 € hain zuzen, gehienez 3 pantaila dituzten aretoei bideratuko zaie. “Zailtasun handienak dituzten aretoek pelikulak proiektatzen jarraitu ahal izatea eta zinema herritarrei hurbiltzea dira helburuak”. Gainerako 25.000 € 3 pantaila baino gehiago dituzten aretoentzat da, eta 10.000 € Zinema Euskaraz programako pelikulak proiektatzeko izango dira.
Euskal Autonomia Erkidegoa zinema-aretoei laguntzak eskaintzen erreferentea da. “Estatu mailan ez dago horrelako diru-laguntzarik eta Europa mailan oso gutxi dira aretoei eskaintzen dizkioten laguntzak”, azpimarratu du Clarak. Gurutze Peñalva, Zineuskadiko proiektuko arduraduna, diru-laguntzari buruzko xehetasunak emateaz arduratu da.
Dena den, Zineuskadik oso hurbiletik egiten du lan sektoreko eragileekin, eta eragile horiek aukera berriak eskaintzen dizkiete zinema-aretoei. “Gure erronka sektorean laguntzea ahalbidetzen diguten harremanak egitea da. Zenbait ekimenen erdigunea gara, eta gure zinema-aretoei laguntzeko asmoa dugu”, azaldu du Eusko Jaurlaritzako Promozio eta Kultura zuzendariak. Hori dela-eta izan dira eragile hauek guztiak jardunaldian: Alfonso Benegas, Euskadiko Zinema-aretoen Elkarteko lehendakaria (EZAE); Irene Echeverri, Europa Cinemas proiektuko arduradun eta laguntzailea (MEDIA); eta Pedro Barbadillo, Cine Arte egitasmoaren lehendakaria.
Sektorea sustatzea ahalbidetzen duten sareak sortzearen beharra azpimarratuz amaitu du hitzaldia Clara Monterok. “Erakunde publikoa garenez, gure laguntza eta babes guztia izango duzue, baina zuen parte-hartzea eta laguntza funtsezkoa da”.
Datu orokorrak
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 66 zinema-areto eta 177 pantaila daude: Gipuzkoan, 29 areto eta 70 pantaila; Bizkaian, 27 areto eta 89 pantaila; eta Araban 4 areto eta 18 pantaila. Zinema-areto horien %100 digitalizatuta daude. Krisialdian egon arren, sektorea eusten ari da, eta ia ez da aretorik itxi. Azpimarratu beharrekoa da baita gure aretoetan proiektatzen diren pelikulen %35 baino gehiago europarrak direla, eta joera hori azken urteoetan areagotzen ari da.
Erantzun
Sartu