Bost urte daramatza Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroak (ZIIZ) Zumaiako industrializazioa ikertzen; lanaren emaitza ezagutzera emateko, webgune batera ekarri dute bildutako informazio eta dokumentazioa:
www.ziiz.org
Enpresak, izaki bizidunak bezalaxe, jaio, garatu eta hil egiten dira. Zumaian XX. mendearen erdialdea baino lehen sortu ziren enpresa guztiak desagertu egin ziren, Astilleros Balenciaga, Zumaiako enpresetan dekanoa, izan ezik.
Historia atzera geuregana ekartzeko, memoria berreskuratzeko eta herriko industria-ondareari duen balio aitortzeko asmoz, lan-talde bat sortu genuen herrian, 2009ko udaberrian, Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa-ZIIZ izeneko proiektua abian jartzeko.
Bilaketa eta bilketa lan handia egin du lan-taldeak, eta jasotako informazio guztia webgune batean antolatu dugu:
Zumaiako industrializazioaren webgunea. Herriko industrian garrantzi gehien izan duten lau sektoreak aztertu ditugu (zementugintza, ontzigintza, motorgintza eta makina-erreminta), enpresetatik abiatuta. Horrela, XIX. mendearen erdialdean hasita, Zumaian sortu eta dagoeneko desagertuta dauden enpresen bilduma osatu dugu, hainbat datu, argazki eta irudirekin. Hori da lanaren oinarria. Hortik abiatuta, informazioa sektoreka edota enpresaka irakur daiteke, eta pieza guztiekin Zumaiako industrializazioaren erretratu zehatz eta aberatsa izango du eskura erabiltzaileak.
Erantzun
Sartu