Teknologia albisteak

Irailaren 26an Bilbon, bertsolariak eta zientzialariak oholtza gainean

Erabiltzailearen aurpegia
2015-09-22 : 09:41

Zientziarekiko interesa pizteko komunikazioa ezinbesteko tresna da eta lan horretan bidelagunak aurkitzea eta askotariko esparruak uztartzea ezinbestekoa da. Uztarketa horren fruitua da irailaren 26an, Bilboko Bizkaia Aretoan izango den ekitaldia: "Jakinduriek mundue erreko dau" #bertsozientzia emanaldia.

 

Zientzia eta teknologiaren menpekoa den gizarte batean bizi garen arren, gizarteak zientziarekiko interes maila ertaina erakusten du. Zientziarekiko dugun pertzepzioa neurtzen duten inkestek adierazten dute bi direla interes maila eskas horren arrazoi nagusiak. Alde batetik, zientzia-gaiak arrotzak eta ulertezinak egiten zaizkigu eta bestetik, edukiek ez dute gure jakin-mina pizten. Urrun gelditzen zaigu ez duguna ulertzen eta ondorioz, ez dugu preziatzen eta mesfidantza sortzen digu.

Mesfidantza hori aspalditik datorkigu. Gotzon Garate hizkuntzalariak jasotako atsotitz bat dugu horren adibide: "Mundue jankinduriek erre biar dau". Nola ez izan fidagaitza ezagutzen ez dugun horrekiko?

Historian zehar, zientzia kulturaren esparru ikusezina izan da. Ikusezina ez genuelako ikusten eta ez zuelako burua agertzen. Ikusezina izateaz gain, irudi eskasa ere izan du zientziak eta topikoz josia egon da. Lurtarrontzat mundu ezezagun baten garatzen zen “jakinduria” izan da nolabait, egunerokotasunetik at, laborategietan amantal zuriz jantzitako zientzialariek gauzatzen zutena eta egindakoa azaltzeko orduan, hizkuntza aldrebesa erabiltzen zuten hauek, ulertezina.

Baina zientzia giza kulturaren zati handi bat da eta hau gabe, kultur ondarea hankamotz geldituko litzateke. Santiago Ramón y Cajal mediku nafarraren hitzak erabiliz: "Kulturaren gurdiari, zientziaren gurpila faltako litzaioke. "

Gurpil horiek egunerokoan lagungarriak zaizkigu, adibidez, erabakiak hartzeko edota inguruan duguna ulertzeko. Ba al dakigu zer den medikuak agindu digun erresonantzia magnetikoa? Nola egiten dituzte Google Translate bezalako zerbitzuek itzulpen automatikoa? Kafe asko hartzea ez omen da osasuntsua, baina ba al dakigu, esaterako, kafeak laranja-zukuak baino C bitamina gehiago duela? Zergatik du Euskal Herriak duen paisaia, lautada zabalak eta eskualde menditsuak?

Zientziarekiko interesa pizteko komunikazioa ezinbesteko tresna da eta lan horretan bidelagunak aurkitzea eta askotariko esparruak uztartzea ezinbestekoa da. Uztarketa horren fruitua da irailaren 26an, Bilboko Bizkaia Aretoan izango den ekitaldia: "Jakinduriek mundue erreko dau" #bertsozientzia emanaldia.

Umorez, ironiaz, poesiaz eta jakinduria askoaz zientzia gizarteratzen arituko dira, Kike Amonarrizek gidatuko duen saioan, hiru bertsolari eta bost zientzialari. Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariak eta, Gorka Azkune informatikaria, Naiara Barrado eta Itziar Garate astrofisikariak, Itziar Laka hizkuntzalaria eta Jon Mattin Matxain kimikaria.

Zientzialariek argia, euskararen ergatiboa, espazioko bidaiak, adimen artifiziala, hizkuntzalaritza edo errobotak hizpide izango dituzte eta bertsolariek doinua, errima eta neurria lanabes hartuta zientzia-gaiei kantua jarriko diete.

Zientzia eta bertsolaritza, bertsolaritza eta zientzia izango ditugu bidelagun UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik, “Jakinduriek mundue erreko daudoako ekitaldian. Zatoz jakinduriaz eta bertsoz osatutako txapela janztera… eta ibili munduan!

 

Erantzun

Sartu