Teknologia albisteak
1

Gizarte Segurantza euskal sortzaileen kontra?

Erabiltzailearen aurpegia
2016-11-12 : 08:18

Sormena zigorturik. Urte honen hasieran azaldu zen albistea komunikabideetan, Espainiako hainbat idazle edadeturi Gizarte Segurantzak beren pentsioa itzultzeko eskatzen ziela, liburuen salmentatik dirutxo bat eskuratzen jarraitzen zutenez, erretiroa kobratzeko eskubiderik ez zeukatelakoan. Galdetzen hasi, eta denak bat zetozen hura zorakeria bat zela, jubilazioko dirua lan-bizitza osoan kotizatutakoaren ordain bidezkoa delako, eta sormenak (gizarte osoari onura dakarkion jarduera izaki) beste tratamendu bat behar duelakoan. Bitxikeriatzat hartu zen hemen berria, espainol burugabeen xelebrekeria urrun bat zelakoan edo...

Baina Hego Euskal Herrian Espainiaren eskumena dira pentsioak (inolaz ere transferitu nahi ez dutena, gainera) eta haren menpe gaude beraz, Hegoaldeko langile guztiok. Baita era bateko edo besteko sormen-lanetan aritzen garenok ere.   

Garai berean gertatu zen (komunikabideetan zabaldu ez zen arren), hainbat euskal idazleri gutun bana iritsi zitzaien, Iruñeko Gizarte Segurantzako inspektore batek bidalita, era guztietako paperak eskatuz: azken bost urteetako faktura guztiak, errenta aitorpenak, autonomoetako kotizazioak, BEZ aitorpenak eta beste. Paper horiek guztiak bildu eta halako egunetan halako ordutan Iruñeko bere bulegoan agertzeko exijitzen zien, ez-dakit-zer zigorren mehatxupean.

Idazle horiek dardarka eta ezer ulertu ezinik: zer gertatzen da? Zergatik eskatzen didate niri hau? Gerora jakin zuten Iruñeko Hizkuntza Eskolako diru-kontu guztiak ari zirela miatzen, eta, bertan hitzaldi bat emana zutenez, inspektoreak eskatzen zien, ia denak langile soldatadunak izan arren, beren lantokiko kotizazioaz aparte, langile autonomoetan alta eman eta ordaindu egin behar zutela, idazletzatik diru-sarrera bat zutenez gero. Berdin zitzaion diru-sarrera horiek autonomoetako kuota baino txikiagoak izatea, hori ez omen zen bere arazoa.

Oraindik ez dakigu zertan amaituko den afera. Baina miatuak eta kaltetuak ez gara idazleak bakarrik. Orain dela gutxi bertsolari batekin egin nuen topo. Urte batzuk bai, baina oraindik ere sasoian eta argi dagoena. Aspaldian kantuan ez dudala ikusi komentatu, eta Seguritate Sozialak bijilatuta dauzkala esan zidan, plazetan agertzen baziren, pentsioa kentzeko arriskuarekin.

Adin batetik gorako bertsolari guztiak isiltasunera behartuak; idazleak hitzaldirik eman ezinik, egundoko isunen beldurrez; beste sektore batzuetan auskalo… Horra, porrotaren zorian dagoen Espainiako Gizarte Segurantzaren ekarpena euskal kulturari.

(Sormena zigorturik artikulua Argian ere azaldu da, handik hona ekarria cc-by-sa lizentziari esker)

Erantzunak

2016-11-13 : 11:47

"Erretiro pentsioa jasotzea bateragarria da norberaren konturako lanak egitearekin, haien bitartez urtean LGS (2016an hilerokoa, 655,20 euro) gainditzen ez duten diru-sarrerak lortzen ez badira, urteko zenbatekoan".
Beraz, oker ez banabil, besteak beste urtean 9172,80 euro (LGS x 14 ) baino gutxiago kobratzen badute guztiz konpatibleak dira horrelako jardunak.
Ikus erretiro pentsioa jasotzea eta bateragarritasunak hemen: http://www.seg-social.es/Internet_4/Trabajadores/PrestacionesPension10935/Jubilacion/RegimenGeneral/Jubilacionordinaria/IncompatibilidadesE28478/33983
Bestelako bateragarritasunak badira ere bai.

Erantzun

Sartu