Gaur da azken eguna Zinemaldiak, bihar sariak banatu aurretik. Ez gara sartuko pronostiko, iragarpen eta kinieletan, baina ez dago asmatzen erraza, sail ofizialean lehiatu diren filmen maila bataz beste nahiko erdipurdikoa izan baita. Dena dela, azken egunak niri behintzat zapore gozoa utzi dit, bi film guztiz desberdinekin: batetik Ewan McGregor aktore ezagunak zuzendutako "American Pastoral", eta bestetik Lee Sang-il japoniarraren "Ikari" (Amorrua).
Amerikar Pastorala Philip Roth-en nobela ezagunenetakoa da, eta betiko Nobel sarigai baten halako lan bat zinemaratzeak erronka usain handia du. Eleberria hobea ote den eztabaida antzua alde batera utzita, film dotorea egin du McGregorrek bere debutean. AEBko 50-60 hamarkadetako giroa erakusten digu pelikulak, eta Vietnamgo gerraren kontrako matxinadak nola eraman zituen gazte sumindu eta idealista haietako batzuk borroka armatura. Geruza asko ditu filmak: arrazen arteko talka, belaunaldien artekoa, ideologi kontuak, bikote barruko liskarrak, guraso izatearen ingurukoak… Denetan du zerbait esateko, eta gustura ikusten den filma da, asko ase ez dituen arren.
"Amorrua" japoniarra, berriz, istorio arriskatu bat da: esplikazio handirik eman gabe, hiru istorio apurka eraikiz doa zuzendaria: bakoitzean dago gizon misteriotsu bana, eta guztiaren atzean hilketa bortitz baten itzala. Eguneroko bizitzaren dramak eta thriller-a nahasten dira kontatzeko teknikan, eta horrekin batera Okinawako base militarrean soldadu amerikarrek egindako desmasiak.
Erantzun
Sartu