Teknologia albisteak

No future

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-21 : 15:38

Orain dela 40 urte modan jarritako leloa izan zen izenburuko hori, Ingalaterran sortu berria zen punk mugimenduari lotua, baina krisi ekonomikoak eta gizarte-estiloarenak oro har Mendebalde osora zabaldu zuena. Bada, egunotan ikusten ari garen filmei kasu egitera, halako une ilun eta esperantzarik gabe batean gaudela esan liteke, nihilismoan edo anomian jausitako nerabeei buruzko pelikula zein baino zein goibelagoak ari baitzaizkigu ematen Zinemaldiko sail ofizialean: "Nocturama", "Plac Zabaw", "As you are", "Jesus"...

Bertrand Bonello frantziarraren "Nocturama"k gazteria desideologizatu baten matxinada bat kontatu bazigun, ariketa estetikoki interesgarri baina ez politikoki oso sinesgarrian, Bartosz M. Kowalski poloniarraren "Plac Zabaw"k gaztetxo batzuen krudelkeria arrazoigabea erakusten digu, distantzia hotz batez.

Miles Joris Peyrafitte estatubatuarrak lehen filma du "As you are", eta esku ona erakusten du bai filmaketan bai aktoreen zuzendaritzan. Istorioa: beren gurasoak elkarren bikotekide bihurtzen direnean ezagutuko dira Jack eta Mark, mutil nerabeak, eta adiskide min bihurtuko dira laster. Hortik aurrera, grunge belaunaldiaren noraeza, sexuaren deskubrimenduaren zalantzak eta abar, tonu gris eta etsigarri samar batean.

Eta denetan beltzena, Fernando Guzzoni txiletarraren "Jesus" (artikulu honen irudia horren fotograma bat da), izen bereko gaztetxoaren eta bere lagunen ibilerak; ez ditugu deskribatuko, baina esan dezadan edozein gurasoren amesgaiztorik txarrenak gauzatzen direla bertan. Baina beharbada gurasoak ez dira gaztetxo burugabe horiek baino askoz hobeak...

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago