Teknologia albisteak

Maisuen perlak

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-21 : 08:39

Zinemaldian ibili eta gero, gomendio zehatzen bat eskatzen dizutenean, aztergai nagusi izaten dugun sail ofizialeko film gutxi aholkatu ohi ditugu, irregularrak edo arraroak edo ez-dakit-zer izaten direlako bertan ikusitako asko. Aldiz, Perlak sailean, Venezia, Cannes edo Berlindik barrena iritsita, gauza potenteagoak ikusi ohi ditugu, konbentzionalagoak batzuetan, iradokitzaileagoak ere bai beste batzuetan. Aurten, adibidez, Custurica, Ozon, Larrain, Frears, Verhoeven, eta abarren proposamenak dastatu ditugu. Bat aukeratzekotan, "Elle", Paul Verhoeven-ena.

Verhoeven nederlandarrak karrera bikaina egin zuen, XX. mende hondarrean, AEBko zinema komertzialean. Bereak dira zientzia fikziozko klasiko bihurturiko "Robocop" edo "Total recall", baita erotismo light-aren ikono ezagun batzuk ere: "Basic Instinct" edo "Showgirls". Geroztik, "Liburu beltza" film holandarra dut gogoan, baina hortik aurrera arrastoa galdua nion aspaldi, eta horra non film frantses batekin datorkigun, Isabelle Huppert zuzenduz (biak argazkian), eta Hollywood-eko etika-estetiketatik urrunduta, "Elle" aztoragarriarekin.

Emakume hotz, gogor, bihozgabe bat da Michèle, bai bere langileekin, bai ama, seme, senar ohiarekin ere. Egun batez, norbait etxean sartu eta bortxatu egiten du. Bera ez da gehiegi ikaratzen, ez gertaera salatzen. Baina jakin-mina pizten zaio, irrika moduko bat, bere bortxatzaile hori nor ote den, jazarpen joko bat balitz bezala.

Emaitza, ez dakit biribila den, baina bai deigarria: ikuslea harrapatzeaz gain, galderak egitera behartzen duena. Ondoeza eraginez eta tarteka irria loratuz, Michael Haneke umoretsu bat balitz bezala, vaudeville ukitu eta guzti. Horra beraz, eskatu didatenentzat, gomendio bat.

Erantzun

Sartu