Teknologia albisteak

Zertan sinesgarri, zertan ez

Erabiltzailearen aurpegia
2015-09-23 : 22:20

Imanol Uribek ere ekarri du film bat Zinemaldira, "Lejos del mar", eta sail ofizialean eman dute, lehiaz kanpo. Han-hemen ikusi ditudan komentarioengatik, jende guztia dabil filma larrutzen, baina nik ikusi dizkiot gauza positiboak, sinesgarritasun-arazoekin batera. Euskal ikusleentzat interesa izango duelakoan, guk ere botako dugu geure alea.

Aurrera baino lehen, abisu bat: iruzkin honek spoilerrak ditu, bestela guztiz kriptikoa izango baitzen. Zuek ere jakingo duzue zeozer honezkero. Beraz, konta dezagun zertaz doan: Santi, kartzelatik irtenda, ziegakide izandako lagun batengana doa: (hiesaz edo) hiltzen ari den Emilio kinki koxkorrarengana, zeina Gata lurmuturreko arrantzale-herri batean bizi baita. Almeria alde horretan, nork eta berak hildako militar baten alabak ezagutuko du, medikua baita han. Emakumea aztoratuta geratuko da. Mendekura joko du hasieran, Santi hiltzen saiatuz, baina gero gizona sendatzen ahaleginduko da (horraino, bale, zin hipokratikoaren barruan sartzen da), eta sendatzetik maitasunera igaroko da ondoren (errealitatean hori gertagarria den edo ez alde batera utzita, filmean ez da sinesgarria gertatzen, eta hor du benetako arazoa).

Sinesgarritasun arazo horretaz aparte, nik uste egurra (aitortuta ala ez) beste zerbaitengatik emango diotela, eta niri berriz horixe iruditu zait positiboena: Santiren erretratua (Eduard Fernandezek gorpuztua, hemengo erdal azentua ikasiz, bidenabar; argazkian, Imanol Uribe zuzendariarekin) konplexua, ñabarduraz betea eta, hori bai, sinesgarria begitandu zait. Alde ederra zinema espainiarrean ikusi ditugun kartoizko etakide guztiz gehienekin. Hori ez doa kontakizun ofizialarekin bat, eta uste dut ez diotela barkatuko. Ikusten baduzue, ea zer iruditzen zaizuen.

Erantzun

Sartu