Jakina da film laburrek zeresan gutxiago pizten dutela luzeek baino, eta normala da hala izatea, oso diferenteak baitira aurrekontuak, inplikatutako jende kopurua, lortzen den oihartzuna... Hala ere, ez nituzke oharkabean pasatzen utzi nahi Zinemaldi honetan eman dituzten euskarazko film labur zenbait,
Zabaltegi sailean ikusitakoak: Aitor Arregiren "
Zarautzen erosi zuen", Koldo Almandozen "
Hubert Leblonen azken hegaldia" eta Asier Altunaren "
Soroa", hirurak ere elkarren artean desberdinak, baina guztiak bikainak.
Aitor Arregik Moriarti etxeko anaia txikia dirudi, Goenaga eta Garañoren itzalpean geratu balitz bezala. Dena dela, "
Lucio"ren kozuzendari izandakoak labur bat zuzendu du oraingoan,
"Zarautzen erosi zuen", eta gidoietan agertu izan duen esku ona erakusten du zuzendaritzan ere: umorea, samurtasuna, ironia… sentimendu asko azaleratzen ditu filmak, eta istorio on bati aktore-taldearen lan bikaina erantsi behar zaio: Nagore Aranburu (argazkian, fotograma batean), Gotzon Sanchez, Ainere Tolosa…
Koldo Almandozek, berriz, irudi dokumental zaharrak eta animaziozkoak (Isabel Herguerak eginak) konbinatu ditu istorio dotore bat filmatzeko, XX. mende hasierako abiadore bati buruzkoa. Egileak ohi duen begirada sarkor horrekin, besteoi oharkabean pasatzen zaizkigun xehetasunak ikusteko eta errealitate soiletik ateratzen diren edertasunak printzak bilatzeko.
Kixi Altunak, berriz, ariketa estilistiko zoragarri bat egin du, Nafarroako Bardeako paisaiari bere zuku plastiko guztia ateraz eta ikusleon aurreikuspenekin jokatuz. Oteizaren hitz batzuk oinarri hartuta, poema bisual harrigarri bat.
Horra ba, laburrak bezain ederrak diren hiru film, ikusteko aukera baldin baduzue ez galtzeko aholkatuko nituzkeenak.
Erantzun
Sartu