Vaiven ekoiztetxe donostiarra eta La Pavana valentziarra elkartu dira Christopher Durang dramaturgo estatubatuarraren "
Terapiak" obra moldatzeko, euskarazko eta gaztelaniazko bertsio bikoitzean, euskal aktore ezagunekin eta Rafael Calatayud pavanako buruaren zuzendaritzapean. Emaitza, produktu arin eta atsegin bat, akatsik ez duena baina aldi berean guztientzako dieta global eta amerikarraren gustua uzten duena.
Woody Allenen pelikulen unibertsoan gaudela ematen du: gaztarotik helduarora bidean dauden andre-gizonak, harreman baten bila dabiltzanak beren bizimodu kaotikoari zentzua emateko. Denak daude zoro samar, denak doaz terapeutarengana eta terapeutak eurak ere beren bezeroak bezain nora ezean dabiltzala dirudi.
Telebista nahiz antzerkitik ezagunak ditugun aurpegiak ikusi ahalko ditugu taula gainean: Dorleta Urretabizkaia, Mikel Losada, Kepa Errasti, Mikel Laskurain, Asier Oruesagasti eta Ane Gabarain (erdal bertsioan Ana Pimentak egiten duen rola). Denen artean komedia jostagarri bat osatzen dute, txinpartaz beteriko gidoia ondo gorpuztuz. Amaieran, baina, déjà vu sentsazio hutsal bat. Beharbada ondo pasatze hutsarekin konformatu eta ez genioke gehiago eskatu behar teatroari. Baina plus hori lortzen duenean lortzen du antzerkiak bere handitasun guztia.
Erantzun
Sartu