Teknologia albisteak
1

Poli ona, poli txarra

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-09-22 : 20:09

Orain arte ia egunero esaten ibili gara aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean oso maila ona dagoela, interesgarritik gora zirela film gehienak... Esandakoari beroarena kentzeko-edo, ostegun honetan erdipurdikeriak bota dizkigute, hainbat hizkuntzatan: Oren Moverman estatubatuarraren Rampart, polizia ustelaren bertsio zahar, berritik gutxi duena; Ana Katz argentinarraren Los Marziano, bi anaia etsaituri buruzko komedia gazi-gozo asmoko txandrioa; eta Filippos Tsitos greziarraren Adikos Kosmos (Mundu bidegabea), polizia zintzo baten gorabeherak, goratik baino beheratik askoz gehiago daukana.


Adikos Kosmos greziarra. Promoziokoa.

Harri Zikina itzuli da

Harri Zikina itzuli da

Rampart Los Angelesko auzo txar bateko komisaria da, eta hor dabil patruilatzen Dave Brown: polizia matxista, arrazista, eskuindar, ustel, gogor, bortitz, andrezalea. Putaseme faxista bat. Baina mesedez! "Dirty Harry" orain dela berrogei urte zuzendu zuen Don Siegel-ek, eta hemen Woody Harrelson-ek ez du besterik egiten, Clint Eastwood imitatzea baizik.

Txakur kabroi hori beltz bat ostiatzen grabatuko dute ezustean, eta orduan hasiko zaizkio gauzak aldrebesten; berak susmoa du ustelkeria handiagoak estaltzeko segada bat egin diotela, baina konspirazio horren ikerketa euria itsasoan bezala desegiten da, polizia gaiztoaren gainbehera pertsonal eta sentimentala bezala. James Ellroy handiaren gidoia gorabehera, déjà vu.

Lapur txikia kastigatzeko...

Polizia zintzoak ere existitu, existitzen omen dira. Posibilitate metafisiko gisa ez ezik, "Adikos Kosmos" filmean ere bai: Sotiris funtzionario onbera bat da, pisuzko arrazoiek bultzatuta ezegitekoren bat egin duen jendea ulertu, eta delituak estaltzen dizkiena.

Aurrekoaz akordatuta, "poli ona, poli txarra" esamoldea dator gogora; hitz jokoa eginez "peli ona, peli txarra"? Ba ez, tamalez, pelikula hau ere, pertsonaia sinpatikoa den arren, guztiz aspergarria suertatzen baita: nahi gabeko hilketaren istorioa xelebre bezain sinesgaitza da, eta beste horrenbeste esan liteke Sotirisek bere bizilagun Dorarekin izango duen maitasun aferaz.

Nor da hemen martzianoa?

Bi film horien erdian, beste bat, "Los Marziano", gauzak hobetzen lagundu ez duena. Alde batera utzita zinemagile argentinarrek interpretaziorako eta familia giroko komedietarako duten dohaina, honakoa aldrebesa, nekagarria eta sinesgaitza egin zait niri behintzat. Ridikulua, barregarria izatera iritsi gabe.

Erantzunak

Luistxo
2011-09-23 : 11:51

BTJunkie begiratzen egon nintzen, Zinemaldiko Sail Ofizialeko zeintzuk ote zeuden BitTorrent-eko erreferentziazko gune horretan. Los Marziano bakarrik aurkitu nuen.


Jaitsi eta ikusi ere bai. A ze delitua! XMEk dioen modukoa da nekagarria eta ridikulua.


Erantzun

Sartu