Teknologia albisteak

Microsoft Officeren bertsio berrienarentzat egokitutako euskarazko lehen zuzentzaile automatikoa, Hobelex

Erabiltzailearen aurpegia
2018-04-19 : 10:33

Microsoft Office 2016rako prestatu du UZEIk Hobelex zuzentzaile ortografikoa eta lexikoa. Euskaltzaindiak martxoan argitaratuko azken arauaren informazioarekin eguneratua dago bertsio berria.

2014an plazaratu zuen UZEIk http://www.hobelex.eus, euskararako lehen lexiko-zuzentzailea. Geroztik, erabiltzaile ugarik erabili dute akats ortografikoez gain akats lexikoak ere detektatzen dituen zuzentzailea, sistema eragile eta testu-prozesadore desberdinetarako doan eskaintzen dena.

Azken urteotan erabiltzaileek izan duten hutsune bat betetzeko asmoz egokitu du UZEIk Hobelex: izan ere, Microsoft Office 2013 bertsioa arte zegoen oraintsu arte, eta, beraz, Microsoften bulegotika-paketearen bertsio berriagoetan ezin zen instalatu.

Microsoft Officeren bertsio berrienean instala daitekeen euskarazko lehen zuzentzailea

Hemendik aurrera, PCetarako bertsio egonkor berrienean ere (alegia, Office 2016 bertsioan) erabili ahal izango da Hobelex. Gero eta gehiago dira azken urteotan bertsio hori erabiltzen hasi diren euskaldunak, beste arrazoi batzuen artean, gaur egun salgai dauden ordenagailu gehienetan horixe baitator aurrez instalatua. Behar hori betetzeko asmoz garatu du UZEIk, beraz, Hobelexen bertsio berria.

Gainera, bertsio horretan erabil daitekeen euskarazko zuzentzaile bakarra da oraingoz Hobelex. Aurrerapauso garrantzitsua da, oraindik orain Word, Excel eta beste programa ezagun batzuk barne hartzen dituen Microsoft Office delako, seguruenik, bulegotika-paketerik ezagunena jende askorentzat.

Ordenagailu berrienetan, bai. Baina azken arau eta gomendioekin eguneratua: nola bestela?

Zuzentzailea ordenagailu berrienetan erabili ahal izatea garrantzitsua da, baina hori baino garrantzitsuagoa da zuzentzaileak ematen duen informazioa egokia eta eguneratua izatea.

Horregatik, beti bezala, azken-azkeneko arauekin eta gomendioekin eguneratua dago Hobelexen bertsio berria ere.

Horrela, Euskaltzaindiak martxoaren 28an argitaratu zuen 186. arauan jasotako informazio lexikoarekin osatu dugu Hobelexek oinarritzat erabiltzen duen datu-base lexikala, euLEX izenekoa.

Microsoft Officerekin soilik ez, LibreOffice bulegotika-paketearekin ere erabil daiteke Hobelex, baita UZEIren webgunean dagoen online bertsioan ere. Hona hemen bertsio-aukera biltzen duen taula:

LibreOffice eta online bertsioak ere eguneratu ditu UZEIk azken arau eta gomendioetara egokitzeko. Bertsio guztiak www.hobelex.eus helbidean daude eskuragarri.

Microsoft Office 2016ra egokitutako zuzentzailearen instalatzailea garatzeko Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Politika Sailaren babesa izan du UZEIk.

Erantzun

Sartu