Teknologia albisteak

Europako Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa. Abenduak 15-16 Donostian

2016-11-02 : 15:52

Europan 24 hizkuntza ofizial daude, eta, horiez gain, Europar Batasunean 90 "eskualde-hizkuntza" edo "hizkuntza gutxitu" daude. UNESCOren datuen arabera, 30 hizkuntza inguru galtzeko arriskuan daude (Report on Endangered European languages and Linguistic Diversity in the European Union 2013), eta Europar Batasuneko 50 milioi pertsona inguruk, bertako biztanleen % 10ek, eskualdeko hizkuntzak edo hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzte. Gaur egun, hizkuntza-komunitate eta pertsona horiek ez dituzte hizkuntza-eskubideak bermatuak. Abenduaren 15-16 bitartean, "Europako Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa" egingo da Donostiako Kursaalen. 

Horren harira, UNESCO Etxeak, Donostia-San Sebastián 2016 Fundazioarekin elkarlanean, Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa antolatu du. Donostian egingo da, abenduaren 15ean eta 16an, eta Europako gizarte zibileko eragileak, erakundeak eta adituak bilduko ditu; baita ikerketa eta kulturaren munduko erakundeak eta gobernu-erakundeak ere. Bertan, Europako hizkuntza gutxituen garapenean eragiten duten alderdiei buruz hausnartuko eta eztabaidatuko dute.

Helburua da eskala handiko aukera bat sortzea, estrategia zehatzei buruzko akordioak ezartzeko eta horien bitartez arriskuan dauden hizkuntzak biziberritu eta normalizatu ahal izateko. Sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatu nahi da, baita Europako partaidetza-maila ezberdinen artekoa ere: erakunde sozialak, ikerketa- eta kultura-eragileak, eta gobernu-erakundeak (estatuaz azpikoak, estatukoak, Europakoak eta aldeaniztunak).

Halaber, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroan hizkuntza-aniztasunari kalte egiten dioten eta hizkuntza ez-hegemonikoek hiztunak galtzea eragiten duten jarrera eta diskurtsoei buruz ere arituko dira, kontuan izanda hizkuntza-eskubideak norbanakoen eta beren komunitateen oinarrizko eskubideak direla.

Programa ⏩ http://bit.ly/2cVMc48
Izena ematea ⏩ http://bit.ly/2duA3JO

Erantzun

Sartu