Teknologia albisteak

Txiroagoak al dira gure hirietako ekialdeak?

Erabiltzailearen aurpegia
2019-09-23 : 11:38

Duela 2 urteko “The Guardian”-eko artikulu bitxi honekin egin dut topo, Twitterri esker: “Blowing in the wind: why do so many cities have poor east ends?”. Bertan, beste gauza batzuen artean, esaten da hiri askotako (Londres, Paris, New York, Helsinki, Manchester, Toronto...) auzorik txiroenak haien ekialdean daudela ezarrita, eta kokapen hori ez dela kasualitatea.

Antza, munduko latitude ertainetan haizeak mendebaldetik jotzen du nagusiki, eta horrek eragina eduki omen du hirietako azken ehun bat urtetako segregazio espazialean: teoria horren arabera, haizeak eramandako poluzio eta usain txarrak (ere) ekialdera doaz, eta, ondorioz, aukeratu ahal izan duenak zona horretan bizitzea saihestu du, eta, ezin izan duena, ordea, bertan ezarri behar izan da, nahitaez.

Bai. Niri ere ergelkeria bat iruditu zait irakurri dudanean. Baina itxaron pixka bat: ikus ezazu, esaterako, EAEko hiru hiriburuetako gaur egungo errentaren banaketa nola antolatzen den espazialki. Hain zuzen ere, nola banatzen den 2016ko batez besteko pertsona-errenta osoa, EUSTATen arabera.

Gasteizko 2016ko batez besteko pertsona-errenta osoa, auzoka (Datuak: EUSTAT; Planoa: UnaiFdB)

Gasteizko auzorik txiroena, Arana (urtean 14.573 euroko pertsona-errenta), ekialdean dago.

Bilboko 2016ko batez besteko pertsona-errenta osoa, auzoka (Datuak: EUSTAT; Planoa: UnaiFdB)

Bilboko auzorik txiroena, Otxarkoaga (urtean 11.295 euroko pertsona-errenta), ekialdean dago.

Donostiako 2016ko batez besteko pertsona-errenta osoa, auzoka (Datuak: EUSTAT; Planoa: UnaiFdB)

Eta Donostiako auzorik txiroena ere, Altza (urtean 16.575 euroko pertsona-errenta), ekialdean dago.

Kasualitatea ote?

 

Erantzun

Sartu