Lasai eta ordenaz egiten dira gauzak Gasteizko EAJn. Lasai eta ordenaz desegiten ari dira, gerundioan, 21 Zabalgunea hirigintza-enpresa publikoa. Hain lasai, eta hain modu ordenatuan, ezen PPrekin batera haren desegitea 2014ko irailaren 30erako gauzatzea adostu ondoren, oraindik ez baitute lortu.
Lasai eta ordenaz aurre egin zioten Gasteizko gobernuaren aldaketari. PSEkoek iritziz aldatzen zuten bitartean (alkatea izendatzeko bozketa baino ordu gutxi batzuk lehenago baizik ez zuten iragarri), EAJkoek, hauteskundeetan hirugarrenak gelditu arren, lasai-lasai esan zuten “edo gu bozkatzen gaituzue, edo zuek ikusi”; alegia, edo Urtaran bozkatzen zen, edo marotismo xenofoboko beste lau urtetako kondena jasotzen.
Lasai eta ordenaz ari dira itxaroten, batek daki noiz arte, PSEkoak udal-gobernu jelkidean egunen batean sartzea, nahiz eta, esan bezala, ez zioten Urtarani alkate izateko bozkatu.
Lasai eta ordenaz egiten ari zaie aurre haien alkateorde eta hirigintza-zinegotzi Borja Belandiaren dimisio bat-batekoari. 2015eko abendutik jakin (omen) arren (izendatua izan eta soilik 6 hilabetetara dagoeneko “nekatu” zen), atzo bertan iragarri zuten haren dimisioa publikoki, inolako garrantziarik eman gabe.
Lasaitasun eta ordena hori ikusita, ulergarria da azken berri harrigarri horri eman zaion oihartzun mediatiko eskasa.
Jakinmina piztu dit irudian ikusten den letreruak... Ba al dago jakiterik nork idatzi duen eta bide batez non aurki genezakeen gaizkile lotsagabe hori, bi peskoz eman eta kobratu dituen xoxak itzularazteko?