Teknologia albisteak

Tokiko garapena, kontzientzia kolektiboa

Erabiltzailearen aurpegia
2013-07-25 : 11:16
Euskal Herria nazio bat da, baina ez du estaturik, eta desegituratuko herri bat da. Indarrean dauden ordenamendu juridikoek gure lurraldea eta herritarrak bereizten dituzte. Horrek Euskal Herriaren desorekak eta nazio garapenerako trabak eragiten ditu. (Sabin Kortabitarteren artikulua [Udalbiltzaren Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren aditu sareko kidea)

Egoerari buelta ematen hasteko asmoz aurkeztu zuen Udalbiltzak joan den ekainaren 20an Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa. Esan zuen: "Helburua nazio mailan sinergiak gabezia handieneko lurraldeetara eta esparruetara bideratzea da, egitura ekonomiko eta soziala indartzeko balio dezaketen ekimenen sustapenean laguntzea. Izan ere, aplikatzen diren politikek zonalde batzuetako komunitateen biziraupena eta euskal identitatea auzitan jartzen dituzte".

Lehen ere eduki zuen Udalbiltzak Garapen eta Kohesio Fondoa, duela hamar bat urte, eta haren kontseiluko partaide izan nintzen. Zuberoa garatzen egitasmoa abian jartzen hasi ginen, esate baterako. Duela hilabete batetik berriro ari naiz Fondoaren proiektuan parte hartzen; nire kasuan, tokiko garapenean zentratzeko.

Lea ibarra. 30 bat urte egingo dugu atzera: neure bailara Lea etengabe ari zen biztanleria galtzen, gazteak kanpora zihoazen lanera eta bizitzera, familia osoak ere bai, Lea zahartzen ari zen, ekonomian lehen sektorearekiko dependentzia zegoen (arrantza eta nekazaritzarekiko), beste sektoreetan ez zegoen enplegurik eta esperientziadun jenderik, eskualdeko herrien arteko elkarlanik ez zen... Gainbehera ikaragarria zen. Autoestimu falta zegoen. Egoerarekiko kontzientzia kolektiborik ez.

Zer egin? Nola? Lagun batzuk biltzen hasi ginen. Helburua: bailara aurrera ateratzeko, kontzientzia kolektiboa sortzea. Oso garrantzitsua da hori. Bagenekien luzerako lan bat genuela, ez zela izango bat-bateko mirakulurik –adibidez, multinazionalen egitasmoak ez genituen ontzat jotzen, gaurko ogia, biharko gosea baitira–. Tokiko garapena gura genuen, bertatik bertara egindakoa, bailarako instituzioak, eragileak eta herritarrak inplikatuz, autoestimua bultzatuta eta irtenbide posibleak sozializatuz.

Herri txikietako eskolak bultzatu genituen, Learen instituzionalizioa garatu genuen, kultur arloa sustatu genuen, arlo sozioekonomikoan egiturak-eta sortu, gazteentzat enplegua, etxebizitza politika bat... Gazteen %80 Leatik kanpora irtetetik, %80 bailaran geratzea lortu genuen.

Leatik Learako proiektua izan zen. Tokiko garapena.

Zuberoa. Orain dela hamar urte pasatxo Udalbiltzaren Zuberoa garatzen egitasmoan aritu nintzen. Bertako eragile gazteak bultzatu genituen, haiek baitira normalean kanpora joaten direnak. Iparraldean, adibidez, batxilergoa bukatutako gazteen %60ak Euskal Herria utzi behar izaten dute ikasteko edo lana topatzeko; urtero Iparraldetik bost mila gazte inguru joaten dira Frantziako ikastegietara.

Zuberoak zeukan beste arazo bat: lehen sektorearekiko menpekotasun handia, jarduera ekonomiko berri gutxitxo.

Han tokiko garapena bultzatu beharra zegoela iruditu zitzaion Udalbiltzari. Baina ez genuen nahi egitasmo teoriko edo filosofikoak egitea. Proiektu ukigarriak nahi genituen, jendea inplikatzeko.

Nik uste dinamika interesgarri bat lortu genuela denon artean. Ari ginen urratsak egiten, harik eta, Baltasar Garzon epailearen bidez, Udalbiltzaren bidea etetera Espainiako Estatua etorri zen arte, operazioa eginda.

Udalbiltzak ekainaren 20an Garapen eta Kohesio Fondoaren aurkezpenean jakinarazi zigun Zuberoa garatzen ekimenerako bildutako dirua berreskuratu duela –orduko Fondoan ziren 315.000 euro–.

Fondoaren izaera. Udalbiltzaren Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoak ez du izan behar karitateko gauza bat, edo diru bandexa bat. Tokiko eragileengandik ideiak eta proposamenak jaso behar ditu, eta, bideragarria den ala ez aztertuta, horiek sustatu, autoestimua eta proaktibitatea bultzatuz. Tokiko eragileak ilusionatzea lortu behar dugu.

Halaber, Fondora proiektu bat aurkezten digunak pentsatu behar du hori, bideragarria izateaz gain, eskualdearen onurarako izango dela.

Nazio garapena. Tokian tokiko esperientzietan oinarrituz baina nazio eraikuntzara bideratuko diren errei desberdinen arteko konbergentziatik etorriko da nazio garapena. Kasu, azpiegitura handien inguruko ardatzetan sortuko liratekeen multinazionalekin-eta ez genuke Euskal Herria nazio gisa garatuko.

Egoera latza daukagu. Euskal gazteen artean langabezia %40koa da; Europako Batasuneko altuenetakoa. 40 udalerri pasa biztanle galera eta zahartze kronikoak jota daude; Pirinio inguruan eta mendialdean, oro har. Hainbat eskualde jarduera ekonomikoak galtzen ari dira eta ordezko estrategiarik gabe daude: Sakana edota Malerreka. Euskal Herriko azaleraren %12an biztanleriaren %70a bizi da... Horri gehitu oraindik ere euskal identitatea jazarria eta gutxietsia dagoela.

Euskal Herria kohesionatzen, lurralde eta esparru batzuk biziberritzen eta gure nazio hau orekatzen joan nahi dugu. Udalbiltzak hitz eman du, bere baliabideekin eta gizartearekin elkarlanean, tokiko eta mugaz gaindiko politikak azpimarratuko dituela.

Geure bidea. Madrilek eta Parisek ez digute lagunduko. Euskal Herriak bide propioari eutsi beharko lioke nazio modura garatzeko, subjektu gisa arituz euskal egiturak sortuz eta indartuz. Udalbiltzak aipatu du bide hori egitera doala; esaterako, Garapen eta Kohesio Fondoaren bitartez, lankidetzan.

Lidia Pujol katalan kantautoreak esan berri du: "Katalunian desberdin pentsa dezakegu, baina batera pentsatu behar dugu". Kontzientzia kolektiboa.

Erantzun

Sartu