Teknologia albisteak

Humanitate Digitalak Euskal Herrian I. jardunaldiak egingo dituzte ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia
2020-12-15 : 12:35

UEUk eta Errenteriako Udalak Humanitate digitalak Euskal Herrian I jardunaldiak antolatu dituzte ostiral honetan “Tresnak sortzen ditugu, tresnek sortzen gaituzte” izenburupean, gai hau mahai gainean jarri eta erantzunak bilatzeko asmoz. Saio honek urteetan luzatuko den elkarrizketa jarraitu eta askotariko baten lehen pausua izan nahi du. Online izango da eta Moodle plataformatik eskainiko da. Matrikula doakoa da eta oraindik izena eman daiteke.

2019ko ekainean UEUk "Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana" jardunaldia antolatu zuen Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Ordutik urtebete igaro da, mundu mailako pandemia batek jo gaitu eta UEUk Errenteriako Udalarekin batera Humanitate Digitalen Ikerketa Gunea (HDGunea) proiektua martxan jarri du Torrekuako eraikin historikoan.

Teknologia digitalek paradigma aldaketa ekarri dute jakintza esparru eta lan diziplina ezberdinetara, eta baita ere eragile sozial eta kulturaletara ere. Arazo berriekin batera erantzun berriak ere baditugu, baina 2019an mahai-gaineratu genituen galdera askok mahai gainean jarraitzen dute; zertan lagun diezagukete digitalizazioak eta konputazio zientziek? Zentzua al du orain arte egiten ibili garena egiten jarraitzeak? Nola aldatu ditu giza interakzioak ingurune digitalak? Nola eragiten dio teknologiak ikerketari berari? Jardunaldi hauetan galdera hauei erantzuna aurkitzen saiatuko dira.

"Tresnak sortzen ditugu, tresnek sortzen gaituzte" izenburua jarri diote lehendabizi jardunaldi honi humanitate digitalen muineko galdera bat azalerazten duelako: zer gertatzen zaio gizakiari, zer gertatzen zaie gizarteei tresnak sortzen eta tresnak erabiltzen hasten direnean?

Pandemia dela eta jardunaldi osoa online izango da. Saio sinkronoak eta asinkronoak izango ditu, eta amaitutakoan materiala Moodle plataformara igoko da biltegi areagotuaren ideia garatzeko asmoz. Hau da, jardunaldiaren ondoren hitzaldiak interpretatzeko eta elkarrizketak sortzeko plataforma teknologiko bat sortuko da Moodlen.

EGITARAUA

9:30 Ongi etorria.

  • Aizpea Otaegi, Errenteriako Alkatea.
  • Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria.
  • Xabier Landabidea, UEUko kidea eta HDGunearen koordinatzailea.

10:00 - 1.atala: SORKUNTZA, ARTEA, TEKNOLOGIA

  • Okela Sormen Lantegia
  • Martin Etxauri Sainz de Murieta aka Txo!

11:00 - 2.atala: IKERKETA, EZAGUTZA, ZABALKUNDEA.

UEU eta Euskal Wikilarien Elkartearen Humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko 2019ko deialdiaren lan sarituen aurkezpena.

  • Larramendiren hiztegia Wikisource eta Wikidatara. (Dabid Lindemann, Mikel Alonso)
  • Entitate-erauzketa saretik. (Joseba Fdz de Landa, Rodrigo Agerri)
  • Ikus-entzunezko eduki pedagogiko libreen esplorazio-ikerketa. (Kepa Matxain, Lander Arretxea, Ander Bolibar)

12:00 - 3.atala: Mahai-ingurua: ARTXIBOA, BANAKETA, KONTSUMOA

  • Argia Multimedia
  • Kanaldude
  • EiTB Nahieran

 

IZENA EMAN DEZAKEZU

 

Erantzun

Sartu