Teknologia albisteak

Ainhoa Gonzalez eta Eider Urkola dira #Txiotesia5 lehiaketako irabazleak!

Erabiltzailearen aurpegia
2020-11-26 : 12:28

UEUk kudeatzen duen Unibertsitatea.net atariak antolatu duen "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketako bosgarren edizioko irabazleak nortzuk diren jakin dugu. Lehen saria Ainhoa Gonzalez Pujana gasteiztarra izan da "Zelula estromal mesenkimalen eragin immunomodulatzailea sustatzeko bioinspiraturiko hiru dimentsiotako sistema funtzio anizdunak" tesia era ulergarrienean laburtzeagatik, eta bigarren saria Eider Urkola Ezeiza billabonatarra izan da "Andrei Zvyagintsev: hausnarketa morala eta politikoa” zine zuzendariari buruzko lana modu originalenean laburtzeagatik.

Lehiaketako datu batzuk:

• 74 ikertzailek hartu dute parte.
• 37 emakume eta 37 gizon.
• Parte-hartzaileen %34a doktorea izan da, gehiengoa beraz, doktoregaia.
• Tesia unibertsitate desberdinetan eginda edo egiten ari dira, besteak beste: UPV/EHU, Nafarroako Unibertsitatea, UPNA/NUP, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Université Bordeaux-Montaigne, Newcastle University, Txileko Andrés Bello Unibertsitatea, Lyongo Unibertsitatea, Trinity College-en, Paris Nanterre-ko Unibertsitatea eta Alcalako Unibertsitatea.
• Parte hartu duten ikertaldeak izan dira besteak beste: IK4-Ikerlan, IXATaldea, DREAM, BCMaterials, CIDETEC, QUTIS, ELEBILAB, MAC (Mutaciones Audiovisuales Contemporáneas), Photothermal Techniques Laboratory...
• Tesien jakintza esparrua zabala izan da. Besteak beste: Polimeroak, Memoria, Geologia, Baserria, Artea, Klima aldaketa, Dopinga, Hiria, Literatura, Feminismoa, Psikologia, Ingeniaritza, Kimika, Hezkuntza, Hizkuntzalaritza, Zuzenbidea, Zoologia, Arkeologia, Genetika, Zinea, Eleaniztasuna...
• Parte-hartzaileen %73ak erabili du informazio atxikia txioetan: irudiak, bideoak GIFak....
• Parte-hartzaileen %15ak Twitter kontua zabaldu du txiokatzeko.
• Parte hartzaileen %90a berria izan da lehiaketan.
• Umap-en egun osoan izan zen joera nagusia #txiotesia5 traola.

 

Eta epaimahaiaren arabera, hauek dira #txiotesia5 lehiaketako irabazleak:

Lehenengo saria, txiolari ulergarriena, 500 eurotakoa Ainhoa Gonzalez Pujanarentzat izan da, "Zelula estromal mesenkimalen eragin immunomodulatzailea sustatzeko bioinspiratutako hiru dimentsiotako sistema funtzio anizdunak" tesia 6 txiotan laburtzeagatik.

Ainhoa González Pujana (Gasteiz, 1991) Farmazian lizentziatu zen UPV/EHUn 2014an. Jarraian, Farmakologia eta Medikamenduen Garapena Masterra ikasi eta ikerkuntzan hasi zen EHUko NanoBioCel taldean, CIBER-BBN-ek eskaini zion ikerketa-iniziazio beka     bati esker. 2016an, Eusko Jaurlaritzaren (EJ) beka jasota, tesia hasi zuen zelula amen efektu terapeutikoa bultzatzen duten matrizeen diseinuaren inguruan. 2018an, Egonlabur beka batekin (EJ) Harvard Unibertsitatean egin zuen 6 hilabeteko doktoretza aurreko         egonaldia. 2019an tesia defendatu zuen eta hortik aurrera talde berean ikertzaile doktore bezala lanean ari da.

 

Bigarren saria, txiolari originalena, 300 eurotakoa Eider Urkola Ezeizarentzat izan da, "Andrei Zvyagintsev: hausnarketa eta politika" tesia 6 txiotan laburtzeagatik.

Eider Urkola Eceiza (Billabona, 1994). Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua (UPV/EHU) eta orain tesia egiten ari da Andrei Zvyagintsev zine zuzendariaren lanaren inguruan.

 

Erantzun

Sartu