Teknologia albisteak

Geomatika eta Inteligentzia Espazialari buruzko jardunaldia Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia
2019-10-28 : 09:59

Geomatika eta Inteligentzia Espazialari buruzko jardunaldia elkarlanean UEUk eta GISLANek. Azaroaren 15ean Gasteizko UPV/EHUren Ingeniaritza Eskolan egingo den topaketa honek administrazio, enpresa, elkarte eta arlo akademikoan leku nabarmena hartzen ari den teknologiaren oraina eta geroa aztertzea du helburu. Izena emateko epea zabalik dago: www.ueu.eus

UEUren eta Gislan kooperatibaren eskutik datorren topaketa honekin ezagutuko dugu badagoela datu nahaspila informazio bihurtu eta berau jendartearen zerbitzura jartzeko teknologia. Izan ere, informazio espaziala edo geografikoa prozesatu eta parametro ezberdinen arabera ustiatzeko gaitasunak ematen du aukera hori. GIS akronimoarekin ezagutu ohi dena eta geoteknologien aplikazioa dira jardunaldi honek mintzagai izango duena.

Geografia-informazioko Sistemen (GIS) helburua, erreferentzia geografikoa sistematizatuz errealitatea aztertzeko, irudikatzeko eta interpretatzeko bide indartsua eskaintzea da. Mapak dira emaitzarik ezagunena (mapa fisikoak, mapa digitalak, bisore interaktiboak, atlas interaktibo tematikoak…). Hala ere, azken urteetan GISak ahalmen berriez hornitu dira, esaterako GPS datuen integrazioa, metadatuen sorrera, mundu birtual eta errealitate areagotuen sorrera, datu jario masiboen ustiaketa eta bisualizazioa, programazio-lengoaia estandarren bidezko pertsonalizazioa, etab.

GIS teknologia hainbat arlotan aplikatzen ari da, esaterako, azterlan zientifikoetan, baliabideen kudeaketan, arkeologian, ingurumeneko eraginaren ebaluazioan, hirigintza planeamenduetan, kartografian, soziologian, geografía historikoan eta abar.

Jardunaldian administrazio, enpresa, elkarte eta arlo akademikoan leku nabarmena hartzen ari den teknologiaren oraina eta geroa aztertzeko parada izango dugu.

EGITARAUA IKUSI ETA IZENA EMATEKO

Erantzun

Sartu