Teknologia albisteak

“Askatasunean hazi, hezi eta bizi” ikastaroa antolatu du UEUk

Erabiltzailearen aurpegia
2018-02-19 : 09:17

UEUk bere udaberriko eskaintzaren barnean “Askatasunean hazi, hezi eta bizi” ikastaroa antolatu du Eibarren. Ane Ablanedo Larrion izango da irakasleak . Matrikulazioa zabalik dago.

Askatasunaren printzipioa eztabaidaezina izanik, gure bizitzaren ardatz bilakatzen saiatzea da gutako askoren erronka. Guretzat bezala, biziki garrantzitsua da haurrentzat ere askatasuna ukan dezaten euren bizitza eraikitzeko eta diren bezala garatzeko, barnean duten eta diren hori osoki loratuko bada, bederen.

Helduaren nortasunaren konfigurazioan haurtzaroak duen garrantziagatik, bizitzaren lehen urteak kalitatezkoak izatea behar du izan edozein prebentzio-eredu edo -programaren helburu nagusiak. Hori baita geroko gaixotasunak ekiditeko modurik seguruena eta eraginkorrena.

Helduoi dagokigu, bada, guraso, hezitzaile edo gizarteko kide soil gisa, haurren bizitzaren kalitatea bermatzea, askatasuna, atxikimendua, errespetua eta zaintza kontzientea erdigunean izanen duen haziera eta heziketa-eredu integralak sustatuz. Haurrenganako gure begiradaren aldaketa ekarriko duen paradigma-aldaketa erabat beharrezkoa dugu, eta horretara dator, hain zuzen ere, ikastaroa: haurtzaroan sano eta oso garatzeko haurrek behar dituzten ekosistema ezberdinen nolakotasuna aztertzera, eta kalitatezko bizitza batek —haurrenak bezala gureak ere— ukan beharreko printzipioen inguruan hausnarketa proposatzera.

Erantzun

Sartu