Teknologia albisteak

Komunitate zientifiko euskaldunaren aterpea

Erabiltzailearen aurpegia
2014-10-23 : 17:24

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2014/2015 ikasturte irekiera ekitaldia egin du Bilbon. Bertan, INGUMA datu-base berritua aurkeztu eta komunitate zientifiko euskaldun indartsu bat izateko elkarlanerako deia egin du. Karmele Artetxe Historian doktoreak euskararen azpiegitura zientifikoa finkatzeko Euskal Unibertsitatea beharrezkoa dela azaldu du bere sarrera hitzaldian.

 

Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu baseak 14 urteko ibilbidea bete du, 2000n sortu zenetik. Goi mailako euskarazko produkzioa eta egile euskaldunak ezagutarazteko helburua duen proiektu dokumentalak produkzioa osotasunean biltzen du. Ahozko eta idatzizko produkzioaren datuak barneratzen joan da urtero eta egun, 1960tik gaur egun arteko 8.839 egile euskaldunen lanak sailkatuak ditu. Guztira, 36.400 erreferentzia ditu.

Iñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak, bere agerraldian azpimarratu du inoiz ez dela egon gaur egun baino ikertzaile eta zientzialari euskaldun gehiago, eta gaur berrituta aurkeztu den Inguma datu basea horren "froga argia" dela. Komunitate Zientifiko Euskaldunak irauteko eta garatzeko bi erronka dituela esan du Alegriak: alde batetik, aditu, ikerlari eta zientzialariak formatzera zuzendutako goi mailako euskarazko kalitatezko eskaintza, eta bestetik, aditu horiek harremanetan jartzeko guneak sortzea.

Bestalde, ekitaldia amaitzeko "Euskarazko produkzio eta komunikazio zientifikoaren argi-ilunak" hitzaldia eman du Karmele Artetxe doktore eta UPV/EHUko irakasleak. Epe labur-ertainera euskarazko produkzioak aurrera egin dezan, "lehen baino lehen" zenbait neurri hartzea komeni dela azpimarratu du.

"Hasteko, euskarazko produkzioaren ebaluazioa egiteko irizpideak garatzea eta ebaluazio agentzietan erabiltzea. Bestalde, ezinbestekoa da Euskal Unibertsitatea; ez dugu, baina behar dugu, besteak beste, euskararen azpiegitura zientifikoa finkatzeko. Bata eta bestearen alde lan egiten dugun bitartean, ezinbestekoa da, ikasle, irakasle, ikertzaile eta profesional euskaldunen sarea indartzen jarraitzea", azaldu du.


Argazkian, ezkerretik eskuinera: Karmele Artetxe; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria; Miren Bego Urrutia, Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako Zuzendaria eta Iñaki Alegria.

 

 

Erantzun

Sartu