Teknologia albisteak
2

86 ikerlari euskaldunen tesiak txiokatu ziren atzo #txiotesia lehiaketan

Erabiltzailearen aurpegia
2013-11-20 : 13:07

Atzoko eromen pozgarriaren biharamunarekin esnatu gara :). Hemen dituzue atzokoak emandako datuetako batzuk. 86 ikerlari euskaldunen tesiak txiokatu ziren atzo #txiotesia lehiaketan. Gure aurreikuspen guztiak gainditu dira eta benetan gozamena izan zen 86 ikerlari euskaldunen lanen berri izatea, beraien lana hedatzea eta hau guztia euskaraz. Euskara ikertzeko, dibulgatzeko, komunikatzeako... zientzia egiteko hizkuntza badela bagenekien baina atzokoa erakustaldi ederra izan zen.


Atzoko datu guztiak eskuartean hauek aurreratu ditzakegunak:

Ikerlarien parte hartzetik aipatzeko datuak:
  • 86 ikerlarik parte hartu zuten.
  • 41 gizonezko (%47,6) eta 45 emakumezko (%52,4).
  • Parte-hartzaileen %35ak tesia defendatuta du eta beste %65a tesia egiten ari da.
  • Doktore diren parte hartzaileen %85ak ikertzen jarraitzen du gaur egun.
  • Parte hartu duten ikerlariak UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatekoak izan dira. Valladolideko Unibertsitatean ikertzen diharduten bi ikertzailek ere parte-hartu dute.
  • Ikerketa Talde hauetako ikerlariek parte hartu dute: IXATaldea, NOR ikerketa-taldea, Elhuyar I+G, Dream (Donostia Research Group on Education and Multilingualism), Elebilab (Hizkuntza eta elebitasuna ikergai), Hegoa (Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua), DeustoTech, Tecnalia eta IK4 Ikerlan.
  • Tesien jakintza esparrua zabala izan da. Besteak beste aipatu daitezke: Geologia, Matematika, Ekonomia, Fisika, Kimika, Ingeniaritza, Hizkuntzalaritza, Psikologia, Soziologia, Kazetaritza, Komunikazioa, Hezkuntza, Pedagogia, Biologia, Genetika, Arkitektura, Zuzenbidea
    Informatika eta Ikus-entzunezkoak.
  • Hala ere faltan bota dira esparru batzuetako tesien txiokaketa, esaterako Antropologia, Erizaintza edo Medikuntzaren esparrukoak.
  • Parte-hartzaileen %41,86ak informazio atxikia bidali du estekak erabilita: gehiengoak (%85) argazkiak bidali ditu baina bideoak eta bibliografia ere erabili dira.
  • Parte-hartzaileen ia %20ak (%19,76) Twitter kontua zabaldu du txiokatzeko.

 

#txiotesia traolaren jarraipenetik aipatzeko datuak:

  • 162 txiolari aritu ziren.
  • 899 txio idatzi ziren: 642 originalak, 228 aipu eta 29 bertxio.
  • 98.096ko audientzia izan du ekimenak.
  • 331.737 aldiz barreiatu da traola Twiterren.
  • Umap-en egun osoan izan zen joera nagusia #txiotesia traola.
  • Txio gehien 11etatik 12etara idatzi ziren: 37 txiolarik 139 txio idatzi zituzten.
  • Goizeko 9etatik 14etara txioen %50a baino gehiago zegoen sareratuta. Txiolariak goiztiarrak izan ziren.

 

Ebazpena eta Sari Banaketa Ekitaldia:

Atzo ikerlariek egindako lan bikaina baloratzeko ardura du orain epaimahaiak. 86 parte hartzaileen artean "Txiolari ulergarriena" eta "Txiolari originalena" hautatu behar dituzte. Zaila izan da tesia 6 txiotara laburtzea baina epaimahaiak orain eskuartean duena ere ez da lan makala ;-)

Irabazleen berri Azaroaren 25ean emango dugu Koldo Mitxelena Kulturunean (12.00). Hala ere, Sari Banaketa Ekitaldiak lehiaketako parte hartzaile guztien bilgune izan nahi du, beraz zu han egotea ere garrantzitsua da guretzat.

Saioa borobiltzeko gainera Koldo Garcia ikerlariaren hitzaldiaz gozatzeko aukera izango dugu: #Kafepintxo batekin ikertzen.

  • Koldo Garcia, ikerlari gazte bizkaitarra da eta bere tesia 2010ean defendatu zuen UPV/EHUn: Erretrobirus endogenoen detekzioa eta karakterizazioa behietan eta beste hainbat mamaliotan. UPV/EHUn jarraitzen du ikerketa lanetan eta sarea darabil bere lanak dibulgatzeko, besteak beste @koldotxu twitter kontua eta Edonola.net bloga.
  • Zera dio Koldo Garciak berak bere buruaz @koldotxu bere twitter kontuko profilean: Biologoa. Genetikan doktore. Sukaldean dotore. EHUn ikertzen. Hamaiketakoak, argazkilaritza, zientzia eta sukaldutatakoa maite dudanekin partekatzea gustoko.
  • Azaroaren 25ean eskainiko duen #Kafepintxo batekin ikertzen hitzaldian, ikerlariaren ogibidearen gaineko gogoeta subjetiboa egingo digu Koldok, beti ere kafepintxoa lagun :).

 

Atzo ikerlari euskaldunok eman zenuten erakustaldia txalotzea baino ez zaigu geratzen. Eta gaur saretik dioguna ea astelehenean aurrez aurre esateko aukerarik dugun (Sari Banaketa Ekitaldira etortzeko asmoa baduzu jakinarazi ataria@ueu.org helbidean).

Erantzunak

2013-11-21 : 09:05

Zorionak ekimenagatik, benetan interesgarria izan da.

Bidenabar zuzenketatxo bat: NOR ikerketa taldean klik eginez gero gure webgune zaharra agertzen da (ehu.es/nor). Eskertuko genuke aldatzea webgune berrira (nortaldea.com), izan ere arazoak ditugu helbide zaharretik helbide berrira berbideratzeko.

Mila esker.

2013-11-21 : 10:32

Aldatu dugu esteka.
Mila esker zuei.

Erantzun

Sartu