Teknologia albisteak

Aztarnategi arkeologiko berria Atxarren, Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia
2019-07-22 : 19:12

 Gernika-Lumoko ADES Espeleologia Elkarteak aztarnategi arkeologiko berria aurkitu du Gautegiz-Arteagako haitzulo batean (Urdaibai Biosfera Erreserba).

 

Aurkikuntza ADES-ek egiten duen lan sistematikoaren emaitza izan da, eta oraingoan Atxarre izeneko mendi multzoan egin da, 1960ko hamarkadan Bizkaiko Espeleologia Taldeak katalogatutako koba bat errebisatzerakoan. Zuloa lokalizatu eta gero, espeleologoak karstaren zientziei buruzko ohiko datu bilketan aritu dira; lan horietan ari zirela aurkitu dute aztarnategia.

Aztarna hauek (tibia eta sahiets hezur bana, eta zeramika zati bi) lurrazalean zeuden eta, erraz zapaltzeko eta hausteko moduan zeudenez, jaso egin dituzte; horrekin batera kobazuloaren hormak ere miatu dira labar-artearen bila, zenbait orbain aurkituz. Dena argazkitan jasoa izan da.

Esplorazioa amaitu eta gero, atzo materialak eta kobazuloari buruzko txostena Bilboko Arkeologi Museora eraman ziren. Han material horren gainean lehen azterketa bat egingo dute (besteak beste, zein garaitakoa izan daitekeen zehaztuz), eta aztarnategia Eusko Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren Datu Basean katalogatuko da, interesa duten espezialistek hura ikertzeko aukera izan dezaten.

ADES Espeleologia Elkarteak 38 urte daramatza lurpeko ondarea ikertzen, batez ere Urdaibai eta Lea-Artibaiko eskualdeetan.

(jatorrizko artikulua eta aztarnen eta kobazuloaren irudi gehiago ADES-en albisteen blogean)

Erantzun

Sartu