Teknologia albisteak

"Gurasoei Gutuna", idazlan laburren lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-28 : 10:08

IV. Ttiklik lehiaketa, Gurasoei Gutuna: "Gure gurasoei esan nahi dizkiegun hitzak gutun laburren bidez adierazteko aukera". Gutunak bidaltzeko epea ireki da, azaroaren 1era arte. 

Beti gustatu izan zait idaztea. Gutunak, ipuinak, idatzi izan ditut, idazlanak, bertsoak…. Inora iritsiko ez diren gutun asko ere idatzi ditut; hauek izan dira urte askoan nire terapia. Inora iritsiko ez diren gutun horiek idaztea ez da lan erraza. Zure barru-barruko sentimenduak ateratzea esan nahi bait du; eta askotan, gure barnean zer dugun kontziente izateko balio dute. Ispilu baten aurrean bagina bezala, hitzek forma hartzen duten momentuan benetan zer sentitu eta pentsatzen dugun ikus dezakegu.

Iaz paperetan jarri nituen nire sentimenduak, nire beldurrak. Gurasoei urteetan gordeak nituen hitzak idatzi nizkien, barruak erretzen zizkidaten hitzak. Eta orduz gero beste modu batera bizi dut urteurren hau, triste bai, baina lasaitasunez.

Denok ditugu gurasoak, hemen, gertu edo urruti, fisikoki edo ez. Eta denok dugu berauei esateko zerbait, ona edo txarra. Berdin da gero gutuna irakurriko duten edo ez, irakurtzea nahi dugun edo ez, hori bakoitzaren barruak eskatuko bait du.

Idaztea gauza ona da, niri balio dit. Niri balio badit, agian zuri ere balioko dizu, saiatu, atera, bota eta ikusiko duzu nolako emaitza lortuko duzun.

...........

(…) Mundu bat oparitu dit/ amaierarik ez duna.../Nahiz ez den asko aipatzen/letren gurasotasuna,/paperaren alaba naiz,/hauskorra eta biguna:/idatzi ezazu zuri/tripak eskatzen dizuna. (…) Uxue Alberdi.

(…) Alaba on bihurtzen zara ama zaren unetik aitzina. Aurretik ez dakizu zer den ama baten poza ala pena seme-alabekiko. Ez dakizu nola senti daitekeen erraietan barrena beste pertsona baten patua. (…) Laura Mintegi.

(…) Egun batean alde egin nuen zuen ondotik. Ez, ordea, zuetaz ahazteko. Zuen beharra dut oraino; urrun zaituztet lekuz, ez bihotzez. Urrun nauzue lekuz, ez bihotzez, badakit. Hiruok bat gara betikoz, zuek biok eta. Amatasun eternoa. Aitatasun ezin etena. Seme-alabatasun betikoa. (…) Dionisio Amundarain.

Erantzun

Sartu