Teknologia albisteak

Euskarak Araban sustapena behar du, ez murrizketa gehiago

Erabiltzailearen aurpegia
2012-12-18 : 17:31

Arabako herri eta Kuadrilletan euskararen erabileraren sustapenean ari garen euskara elkarteok kezkaz hartu dugu Arabako Foru Aldundiaren gobernuaren 2013ko aurrekontu proposamena. Kezkaz hartu dugu, euskara sailean 2013rako aurreikusi diren murrizketek, 2012an ezarritakoekin batera, azken 30 urteetan jarri ditugun oinarriak kolokan ipintzen dituztelako. Izan ere, Araban euskarak eta euskaldun komunitateak azken hamarkadetan izan duten garapenean, nagusiki, bi faktorek eragin dutela uste dugu eta bi oinarri horiek dira zalantzan geratzen direnak murrizketa gogor horiekin.

Batetik, euskararen gizarte mugimendu antolatua dago. Araban, beste lurralde batzuetan bezala, hamarkadetan euskararen hedapenean aitzindaritza gizarteak berak izan du. Euskaldun antolatuek osatu eta osatzen dute Araba euskaldunaren bihotza. Bestetik, euskalgintza antolatu horren eskarien eraginez eta lurraldeko hainbat erakunderen apustuari esker, hain zuzen ere, azken urteotan herri eta Kuadriletan teknikari sare zabala eta sustapen dinamika partekatuak antolatzea lortu da.

Ezagunak ditugu indargabetze politika horiek hizkuntzaren normalizazioari eragiten dizkioten kalteak. Hain zuzen ere, gure kide diren euskara elkarte nafarrek beren gobernuari urtetan egindako kritikak eta eskariak norabide bertsuan eginak dira. Ezagunak ditugu, beraz, politika horiek dituzten epe oso laburreko ondorioak eta baita epe luzeagoko egitasmoetan izan ditzaketenak ere.

Hainbat datu aipatuz erraz ikus daiteke euskararen aurrekontuek dakarten murrizketaren desproportzioa. Gobernuaren asmoak islatzen dituzten 2013ko aurrekontuetan murrizketa orokorra %9koa den bitartean, euskararen sustapenari dagokion atalari %52 kentzen zaio. Handia izanik, aldea are nabarmenagoa da, 2011 urtekoarekin alderatzen bada, %66koa baita bi urteren buruan ezarri nahi den murrizketa, hau da, hirutik bi kenduko litzaioke euskararen sustapenari gaur egungo gobernuaren agintaldia hasi zenetik.

Murrizketa horien neurrigabetasuna agerian uzten duen beste adierazle bat: 2012 urtean euskararen sustapenak Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuaren %0´05ekoa izan du eta 2013an %0´02koa litzateke; beti ere, erakunde askoren helburu den %2tik oso urrun eta progresibitate egokiaren kontrako norabidean.

Neurriz kanpoko murrizketa horrek atzera pausua ekarriko du gutxi aurreratu den arloan, euskararen erabilerarenean. Baina atzera pausua ekarriko du, halaber, aurrera egiteko hainbat baldintza agertu eta lankidetzarako tresnak prest eta gertuen dauzkagun momentuan, horrexegatik izan daiteke erabakigarria euskararen sustapenak hartuko lukeen kolpe hau.

Gaur egun arabarren arteko elebidunen kopurua duela 10 urtekoa baino dezente handiagoa da, 16 urte baino gehiagoko 50.000 arabar euskaldun gara, adin horretako arabarren %18. Proportzioa askoz handiago da, esaterako 16-30 urteko adin tartekoengan eta zer esanik ez 16 urte baino gazteagoengan. Horrek, etorkizun hobea seinalatzen du euskararen ezagutzari dagokionean, eta aldi berean, erabilerarako giro eta baldintza sozialak eskaini eta eskatu egiten ditu, inoiz ez bezala.

Hurrengo hamarkada erabakigarria izango da, esaterako, belaunaldi berri eta euskaldunagoko arabar asko eta asko guraso bihurtzen denean. Atarian dugun testuinguru horretan, erabilera sozialerako espazioak eta uneak irabaztea, familia bidezko transmisioa, aisialdi eta formakuntzarako eskaintza eta gazteen sentsibilizazio, motibazio eta aukerak ugaritzea, besteak beste, erabateko lehentasuna duten neurriak izan beharko lukete. Arlo horietan guztietan egin beharreko urratsak ez dira ez, egun batetik bestera, ezerezetik, sorturikoak, baizik eta, izatekotan, ondo planifikatutako eragile publiko eta sozialen urteetako lankidetzaren emaitza izaten dira.

Bestalde, Aldundiaren gobernuak aurkeztu duen euskararen sustapenerako atala indargabetzeko asmo hori batera dator erakundearen aldetik atalen zeharlerrotasun edo transbertsalitatea ez praktikatzearekin, euskararen normalizazioak eskatzen eta inork ukatzen ez duenaren kontra. Ikuspegi trasbertsalaren falta, tamalez, ez da atzo goizekoa, ez eta gobernu honen esklusiboa ere, baina gabezi horri berezko sustapenaren indargabetzea gehituz gero, emaitza suntsitzailea izan daiteke, hizkuntza politika falta bera hizkuntza politika baita, normalizazioaren aurkakoa, alegia.

Arabar guztien dirua administratzeko ardura dutenek, kontuan hartu beharko lukete, besteak beste, 2011ko inkesta soziolinguistikoan euskararen sustapenaren inguruan 16 urtetik gorako arabar gehienek azaltzen duten aldekotasuna. Inkesta berak azalarazten dituen ezagutzaren gorakadak eta erabileraren estankamenduak, aurrera begirako aukerak eta beharrak seinalatzen dizkigute, baina zoritxarrez, Aldundiaren oraingo gobernuaren asmoek, horiei ekiteko zailtasunak baino ez dizkigute eskainiko.

Arabako hainbat herri eta kuadrillatan euskararen erabilera sustatze lanean ari garen elkarteentzako oso berri txarrak dira Aldundiaren gobernuaren 2013rako asmoak eta horiek zuzentzeko eskaerarekin batera birbideratze horretan lagun dezaketen ekarpenak egiteko gure prestutasuna azaldu nahi dugu.

Manuel Moreno Martin (TOPAGUNEA eta Arabako elkarte hauen izenean: Ttiki ttaka (Arabar errioxa), Gutxisolo (Trebiñu), GEU (Gasteiz), Bidabarri (Zuia), Txirritola (Aramaio), Belaiki (Baranbio), Hogeitalau (Aiara), Basalarrina (Laudio) eta Aiaraldea Komunikazio Elkartea (Aiaraldea ).

Erantzun

Sartu