Teknologia albisteak

Jakoba Errekondo, Ione Gorostarzu eta Xabier Solano bihar Tolosan Sormenetik egitasmoan

Erabiltzailearen aurpegia
2015-09-25 : 08:45

Euskara, kultura eta azoka uztartzea helburu dituen Sormenetik ekimena egingo da bihar larunbata, hilak 26, 11:30ean Tolosako azoka egiten den Zerkausi azpian arraun klubak duen gunean. Elkarrizketa eta zuzeneko emanaldiak egingo dira. Hausnartzeko eta gozatzeko aukera izango da. Poesia, trikitixa eta gitarra hotsak nahastuko dira. Izan ere, esparru ezberdinen, kultur espresio ezberdinen eta kultur eragileen eta herritarren arteko harremantzea ere badu helburu aipatu ekimenak.

Jakoba Errekondok eta Tolosako azokan parte hartzen duten Idiazabal markako gazta egile Arantxa Garaiburuk eta ogi ekologiko ekoizle Inaxio Gorosabelek lurra, hizkuntza eta baserria izango dituzte hizpide. Ione Gorostarzuk poesia errezitaldia eskainiko du. Azkenik, Ione Gorostarzu berak, Joxi Ubedak eta Aiora Zulaikak Xabi Solano elkarrizketatuko dute. Ereñozuko musikariak, trikitixarekin eta gitarrarekin, zuzeneko emanaldia ere eskainiko du.

Halaber, haur eta helduek esperimentazio tailerraz gozatzeko aukera izango dute eta, gune berean ere, azokako produktuekin egindako jakiak jateko aukera izango da.

Tolosako kale neurketek erakusten dutenez, larunbatetan egiten den azokaren bueltan euskararen erabilerak gora egiten du eta, horregatik, euskarak bertan duen sua hauspotzea erabaki du Tolosako euskalgintzak. Egitasmo honen bitartez ere, herritarren elkargune den azokari ekarpentxo bat gehiago egiten zaio. Kultur sortzaileek ere badute zer irabazi, herritarrekin aurrez-aurre harremantzeko aukera eskaintzen duelako.

Euskalgintzan, kulturgintzan eta azokaren bueltan dabiltzan herritar ugariren ekarpenek sustatutako ekimena da ondokoa. Martxoaren 21ean egin zuten lehen ekitaldia eta, datorren larunbatekoa, bigarrena izango da. “Dabilen harriari goroldiorik ez” leloa bere eginez, aurrerantzean ere herritarren ekarpenak jasoz egitasmoa borobiltzen jarraitzeko asmoa dute antolatzaileek.

Erantzun

Sartu