Teknologia albisteak
1

VII. Galtzakomik euskarazko komiki lehiaketan sari potoloak irabazteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia
2014-10-20 : 11:06

Ibarrako Udalaren laguntzarekin, Galtzaundi euskara elkarteak VII. Galtzakomik euskarazko komiki lehiaketa antolatu du. Euskarazko komikigintza sustatzea du helburu aipatu egitasmoak eta, urtero bezala, hamarnaka komiki jasoko dituztenaren esperoan dira antolatzaileak. Ondoko lerroetan irakurri ahal izango duzuenez, sari potoloak irabazi ahalko dituzte parte hartzaileek. Horretarako, ordea, ondoko epaimahaikoak euren lanak nabarmendu beharko ditu:

- Box.a elkarteko kideak.

- Joseba Antxustegietxarte (Atariako komikigilea).

- Juanba Berasategi (marrazkilaria eta zine zuzendaria).

- Kike Amonarriz (komikizalea eta komikigintzan aditua).

- Jose Luis Longaron (Tolosako margolaria).

- Nagore Amenabarro (margolaria).

Parte hartzaileek, berriz, sari potoloak eskuratzeko aukera izango dute. Ondoko lerroetan duzue informazio guztia:

OINARRIAK

Edozeinek parte har dezake, bakarka. Gaia librea izango da, baina ez da onartuko eduki sexista edo arrazista duen komikirik eta dena delako arloan intolerantziazko jokabiderik eragin dezakeenik. Lan guztiek jatorrizkoak eta argitaragabekoak izan beharko dute, autoreak berak sortutakoak.

Lehiaketa honen helburu nagusia euskarazko komikigintza sustatzea izanik, ez da komiki muturik onartuko. Lanak euskara hutsean aurkeztu behar dira, eta erabilitako euskararen kalitate maila ere aintzat hartuko da.

Lehiaketan jatorrizko lana aurkeztu behar da eta baita ordenagailu bidez sortu edo tratatuak izan direnak ere. Aurrediseinatutako irudiekin egindako lanak bazterturik geratuko dira; Comic Book creator, TBO, Comic Life, Comic Master edo antzerako programetako aurrediseinatutako irudiekin egindakoak.

Irudi digitalizatuen kasuan, orri bakoitzeko inpresio bat aurkeztu behar da, A-4 neurrikoa eta gutxienez 300 ppp-ko kalitatekoa izan behar du. Lan bakoitzak A-4 neurriko lau orri izango ditu gehienez, eta istorio bakarra zein anitza aurkeztu ahal izango dira.

NOLA AURKEZTU

Aurkeztutako komikian autorearen izenik ezin da jarri. Gutun-azalean aurkeztuko dira lanak, sinadura eta izenik gabe, izenburu batekin. Autorearen datuak (izena, telefono zenbakia, adina, helbidea, helbide elektronikoa eta komikiaren izena) beste gutun-azal batean aurkeztuko dira, izenburu berarekin. Bigarren gutun-azal hau lehenengoan sartuta aurkeztu behar da.

LANAK NON ETA NOIZ

Lanak Galtzaundiko egoitzan aurkeztuko dira edo postaz helbide honetara bidaliko dira:

Galtzaundi Euskara Taldea

“Ibarra Galtzakomik” komiki lehiaketa

Nafarroa etorbidea 6 behea

20.400 Tolosa (Gipuzkoa)

Aurkezteko azken eguna 2014ko azaroaren 28a izango da. Epearen azken egun honetan postetxean aurkeztutako lanak ere onartuko dira (data hau zigilu-markak ziurtatuko du).

Saritutako lanekin eta komiki lehiaketan jasotako lanekin erakusketa bat antolatuko da abenduaren 12tik 19ra Ibarrako kultur etxean. Erakusketa hau amaitu ondoren, 30 eguneko epearen barruan, sarituak izan ez diren lanak jasotzeko aukera egongo da. Epe hau bukatu eta gero, eskatuak izan ez diren lan guztiak Galtzaundiren artxibora pasatuko dira.

SARIAK

12 urtetik behera:

SARIA: komiki bilduma eta marrazketarako materiala

3 Aipamen: komiki bilduma bana.

Ibarrako Komikirik onena: Opari txekea + komiki bilduma

12 urtetik 18 urtera bitartean:

1. Saria: 300€ + Marrazketarako materiala

2. Saria: 100€ + Komiki bilduma

2 Aipamen: komiki bilduma bana

Ibarrako Komikirik onena: Opari txekea + Komiki Bilduma

18 urtetik gora:

SARIA: 1.000€ eta argitalpena

Aipamena: 2 pertsonentzako afaria Eluska Jatetxean

Egile bakoitzak sari bakarra eskura dezake. Epaimahai aditu batek lanik onenak aukeratuko ditu ondoko irizpideen arabera: istorioaren zuzentasuna eta ulermena, marrazkiaren bizitasuna eta originaltasuna, idazmena, garbitasuna eta marrazketarako erabili den materiala eta teknika.

Gutxieneko kalitaterik ezean, epaimahaiak sariak eman gabe utz ditzake.

ZOZKETA

Mahala Baserriko Produktuen 3 saski zozketatuko dira parte hartzaile guztien artean.

SARI BANAKETA

Sari banaketa 2014ko abenduaren 12an arratsaldeko 19:30ean Ibarrako Kultur Etxean izango da.

Saria eskuratzen dutenak nahitaez sariak banatzeko ekitaldira etorri beharko du, pisuzko arrazoiren bat ez bada.

Informazio gehiago behar izanez gero, Galtzaundi euskara elkartearekin jarri behar da harremanetan, 943 655 004 telefono zenbakira deituz edo galtzaundi@galtzaundi.com helbide elektronikora idatziz.

Erantzunak

2014-10-21 : 12:40

Komikia bultzatzen

Erantzun

Sartu