Teknologia albisteak

Negozioek argi dute sarean egon behar dutela, baina nola?

Erabiltzailearen aurpegia
2015-12-17 : 14:21

Galdera honi erantzuna emateko Nortasuna Sarean jardunaldia antolatu du TaPuntu Kooperatibak. Datorren urtarrilaren 14an, eguerdiko 14:00etan, negozioek sarean egoteko ezagutu beharreko gakoak landuko dituen jardunaldia antolatu du TaPuntuk. Beterri Garapen Integralerako Agentziaren egoitzan, Hernanin, sareen inguruan lan egiten duten profesional ezberdinak bilduko dira hitzaldiak eman eta bertaratzen direnen zalantzak argitzeko.

Enpresa txiki nahiz ertainen arduradun, zein bere erakundearen nortasuna sareratzearen ardura dutenei zuzendurik, internetera salto egiteko beharrezko diren oinarrizko ezagutza eta aholkuak eskainiko dira. Helburu garbia du antolakuntzak, enpresa edo proiektuek sarean egoten jakitea eta bide horretan laguntzea.

Hizlariak

6 profesionalen hitzaldiek osatuko dute saioa, arratsaldeko 16:00ak arte luzatuko dena. Beterri Garapen Integralerako Agentziaren arduradun den Andoni Egia eta Gorka Goikoetxea, Hernaniko Udaleko Merkataritza arduraduna, negozio txikia izatearen abantailen inguruan mintzatuko dira. Carmen Arrazola, Imaginaccion enpresaren sortzailea eta Arkaitz Sukuntza, TaPuntuko kidea, sarean komunikatzearen garrantziaz eta hau sarean jorratzearen inguruan arituko dira.

Azkenik, bi kasu erreal aztertuko dira testigantza bitartez eta modu praktiko batean. Lidia Hernández, ZUZEU (Tolosa) dendaren jabeak sareak ekarri dizkion aukerak azalduko ditu bere eskarmentuan oinarrituz. Ander Olariaga, Orbeako marketin zuzendariak akatsetatik nola ikasi daitekeen adieraziko du, Orbeak azken urteetan bizitako 2.0 eraldaketan oinarrituz.

Izen-ematea

Izen-ematea zabalik dago jada, eta bertaratzeko interesa dutenek www.nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez inskribatu beharko dira. Partehartzea doakoa izango da eta bere negozioaren nortasuna sarean landu nahi duten guztiei irekia. Jardunaldia ospatuko den aretoaren espazio mugak direla eta parte hartzaile kopurua mugatua izango da. Hori dela eta TaPuntuko kideek saio honetan parte hartzeko interesa duten guztiak ahalik eta azkarren izena ematera gonbidatzen ditu.

TaPuntu Kooperatiba

TaPuntu kooperatiba e-marketing, formazioa, diseinu grafikoa, e-commerce eta multimedia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa gaztea da. Beraien metodologiak bezeroen online nortasuna modu integralean lantzen du, horretarako beharrezkoak diren ekintzak gauzatuz. Kooperatibari buruzko informazio gehiago, eta orain arteko ibilbidea: www.tapuntu.eus


Informazio gehiago:
TaPuntu ·
691 166 409 · info@nortasunasarean.eus

 

 

Erantzun

Sartu