Teknologia albisteak

Sustraiez Blai Jaialdia azaroaren 29an Beasaingo gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia
2014-11-26 : 10:34
Sustraiez Blai Jaialdiaren 2014ko edizioa desberdina izango da. Alde batetik, kokapena aldatuko delako, azken urteotako joera puskatuz, Ordizia utzi eta Beasainen ospatuko baita. Eta beste alde batetik, inguruko taldeez osatutako kartela izango duelako izango da edizio hau ezberdina: “Etxeko edizioa” dela esan daiteke, musikari guztiak euskaldunak baitira, Zaragozako Maut taldea izan ezik. Aldatuko ez dena da munduko musika izango dela protagonista, eta Beasainen bertan erritmo anitzak entzun ahal izango direla, musikaren bidez bidaiatuz. Afrobeat, reggae eta funky estiloak, Aragoiko tradiziozko melodiak eta musika elektronikoa, Australiako didgeridooa, Andeetako musika eta musika balkanikoa, horiek guztiak dira proposatzen dizuegun ibilbidean nahastuko diren doinu anitzak. Sarrera: 5 € Larunbatarekin, azaroaren 29an, 23:00etatik aurrera, Beasaingo gaztetxean.
Segidan, taldeen gaineko informazio osatuagoa:

MAKULU KEN

MAKULU KEN taldea Lasarte-Oriatik dator. Funky eta reggae musika afrikar erritmoekin nahasteak bultzatzen ditu bere taldekideak. Nahasketa honetan afrobeat edo afrikar funkya nabarmentzen dira, baina azpimarragarria da, baita ere, rock edota reggae musikaren eragina. Ikusi eta entzuteko taldea da eta, hala nahi izanez gero, dantzatzen jarriko zaituena.



www.myspace.com/makuluken
https://www.facebook.com/euskalafrobeat

MAUT

MAUT taldeak musika elektronikoa eta Aragoiko tradizioan oinarria duten melodia eta musika-tresnak nahasten ditu, baita gitarra distortsionatuak eta proiekzio bisualak ere. Minimal, dubstep, drum’n’bass... gaitak, zanfonak, eskusoinuak…MAUT taldeak aragoiar folka elektrifikatu eta berdimentsionatu egiten du.



http://www.maut.com.es/
https://www.facebook.com/mautproject

IBAN NIKOLAI

Duela 17 urte ezagutu zuen didgeridooa Londresen eta bere kabuz jotzen hasi zen. Ondoren, musika-tresna honen jaioterrira joan zen australiar aborigenekin ikastera eta beraien kultura ezagutzera. Harrez geroztik didgeridooarekin Europan zehar kontzertuak eta ikastaroak eskaintzen aritu da.
Musika estilo desberdinetako hainbat taldetatik igaro ondoren, Ibanek bereari ekin dio eta didgeridoo, loop, efektu eta musika-tresna gehiagorekin aritzen da bere kontzertuetan. Didgeridoo kromatikoa ere erabiltzen du eta Smoke On the Water, The Prodigy eta bestelako bertsioak jorratzen ditu, besteak beste, musika dantzagarria sortuz, "Organika" bere azken lanean, esaterako.



http://ibannikolai.com/

ATODAMADRE

Dj eta produktore gaztea, Tropical Patrulla kolektiboko eta More Jaia sound system-eko kide, 8 urte baino gehiago daramatza plateren atzean. Hip-hopa eta musika beltza izan ziren bere lehen musika-motak eta ondoren elektronikara egin zuen salto, baina gaur egun erritmo tropikal eta globalak dituzten diskoak jartzen ditu.
Andeetako musika abiapuntu izanik, musika balkanikorainoko bidaia egiten du, dena musika elektrikokoarekin nahastuz, behe-soinu onak eta teknika handia, oso ondo pentsatutako musika da berea, dantzalekua apurtzeko aproposa.

https://www.facebook.com/atodaMmusic

Erantzun

Sartu