Teknologia albisteak

EMF Mendiak: Euskal mendizaletasunaren tradizioa eta digitalizazioa, elkarrekin gailurrera

Erabiltzailearen aurpegia
EMF eta CodeSyntax
gaur : 15:06

EMF Mendiak aplikazio ofizial eta berritua aurkeztu dute Donostian Euskal Mendizale Federazioak (EMF), CodeSyntaxek eta LABORAL Kutxak. 2016az geroztik martxan dagoen aplikazioa da Mendiak APPa, baina orain, aliantza estrategiko honi esker, Euskal Mendizale Federazioaren aplikazio ofizial ere bilakatu da, tradizioa eta teknologia uztartzeko nahia duen aplikazio beterano honetan. Euskal mendizaletasunaren aro berria martxan da.

Joan den uztailaren 21ean, Donostian, Mendiak egitasmoaren aro berria aurkeztu zen jendaurrean. Euskal Mendizale Federazioak (EMF), CodeSyntax enpresak eta LABORAL Kutxak bat egin dute EMF Mendiak aplikazioa federazioaren aplikazio ofizial bihurtzeko, euskal mendizaleen komunitateari zerbitzu digital berritzailea eskainiz.

Donostian egindako agerraldian izan ziren Gorka Garzon (Euskal Mendizale Federazioko komunikazio-arduraduna), Asier Sarasua (CodeSyntaxeko ordezkaria eta Mendiak proiektuaren koordinatzailea) eta LABORAL Kutxako ordezkariak (Alvaro Parro eta Kepa Ortiz de Urbina), proiektuaren babesle nagusi gisa. Ekitaldian garbi geratu zen lankidetza honek mugarri bat ezartzen duela gure mendizaletasunaren historian: XX. mende hasierako ohiturei eta izpirituari eutsiz, XXI. mendeko teknologiaren bidez komunitatea indartzea.

Aplikazioa edozein euskal mendizalerentzat dago erabilgarri, noski, baina mendian Federatuta dauden mendizaleen kasuan, aplikazio ofizial ere bilakatuko da eta aukera gehigarriak eskainiko dizkie.

Nola hasi erabiltzen?

EMF Mendiak aplikazioa doan dago eskuragarri Android (Google Play) zein iOS (App Store) gailuetarako. Lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eta ezaugarri guztiak baliatzeko, nahikoa da saioa federatu gisa hastea.

Mendizalea bazara eta oraindik ez baduzu ezagutzen, jaitsi Mendiak APPa eta probatu!

Lortu Google Play dendan

Lortu Google Play dendan

 

 

Bultzada estrategikoa eta aliantza hirukoitza

Euskal Herriko Mendiak aplikazioa 2016an sortu zuen CodeSyntaxek eta harrezkero euskal mendizaleen mendi-igoeren lagun izan da 10 urtez. Bere helburua da Euskal Herriko mendien inguruko informazio zabala eskaintze eta, batez ere, mendizaleen igoerak markatzeko eta estatistika historiko orokorrak gordetzeko laguntza eskaintzea.

Lankidetza-hitzarme honi esker, hemendik aurrera, EMF Mendiak aplikazioa izango da federatuek federazioaren ekosistemara sartzeko ate nagusia. Aplikazioak 3.000 gailur baino gehiagori buruzko informazio praktikoa biltzen du, mapa interaktiboak ikusteko, igoerak erregistratzeko, estatistika pertsonalizatuak kontsultatzeko eta mendi-postontziak aurkitzeko aukera emanez.

Egitasmo berri hau LABORAL Kutxaren babesari esker gauzatu da. Finantza-erakundeak natura, mendizaletasuna eta berrikuntza teknologikoa uztartzearen alde egindako apustuak aukera eman du EMFren digitalizazio-prozesuan jauzi kualitatiboa emateko eta CodeSyntaxen tresna honi beste bultzada bat emateko.

Ezaugarri nagusiak

  1. Euskal Herriko mendi nagusien zerrendak, fitxak eta informazio praktikoa: kokapena, altimetria, argazkiak, mapak, eta abar. Une honetan ia 3.000 mendi baino gehiagoren informazioa aurkituko duzu, tartean daude Mendizale Federazioaren mendi-katalogoan dauden guztiak..

  2. Igotako mendiak markatu eta gordetzeko aukera.

  3. Aplikazioak estatistika pertsonalak ematen dizkio erabiltzaileari (zeintzu mendi igo dituen, noiz, zenbat aldiz,...). Horrela, aplikazioa, nor berarentzat datu-base eta katalogo pertsonal modukoa ere izango da.
  4. Federatuta bazaude, zure federatu-datuekin lotu dezakezu aplikazioa eta mendi-lehiaketa ofizialetan parte-hartzeko aukera eta horien jarraipena egiteko ere balioko dizu EMF Mendiak aplikazioak.

2026ko uztailean atera dugu EMF eta CodeSyntaxen lankidetzaren emaitza den lehenengo bertsioa. Etorkizunean, Federatuentzat erreminta eta funtzionalitate berriak argitaratzea da gure asmoa, gutxinaka-gutxinaka, euskal mendizaleei ahalik eta aplikazio oso eta erabilgarriena eskaintzeko asmoz.

Tradiziotik digitalizaziora: Ehun Mendien Lehiaketaren arima

Proiektu honen sustraiak Ehun Mendien Lehiaketa historikoan daude. Gailur-igoeren erregistratze-sistema modernizatzeko beharra ikusita, EMFk Mendiak aplikazioaren ibilbide sendoarekin eta komunitate errotuarekin bat egitea erabaki du. Aro berri honetan, federatuek aplikazioaren bidez egindako igoerek izaera ofiziala izango dute EMFren lehiaketetarako. Horretarako, duela 100 urte baino gehiagotik euskal mendizaleek erabiltzen duten txartel eta postontzi sistema egokitu da tresna digitalera. 

Mendizale federatu batek igoera bat markatzen duenean, bere "txartel birtuala" utziko du postontzian eta aurreko mendizalearen txartela jasoko du (hori ere modu birtualean), 1915ean Anboton postontzi bat ezarri zenetik, ehun urtez baino gehiagoz euskal mendizaleek egin duten ekintza horri jarraipena emanez.

Igoera horiek GPS bidez ere balioztatzen dira eta 100 mendien lehiaketarako (eta Federazioak antolatzen dituen edo etorkizunean antolatuko dituen beste lehiaketa ofizial batzuetarako) ziurtagiri ofiziala jasoko dute. Hurrengo hilabeteetan aktibatuko dira, besteak beste, 600 Mendien Erronka (Euskal Herriko gailurren katalogo berrian dauden 600 mendiak igotzea), Ehuneko txikia (14 urtetik beherako haurrei eta familiei zuzendutako ekimena) eta LABORAL Kutxa Erronka (L.A.B.O.R.A.L. hitza osatzen duten 7 hizkiekin hasten diren 7 mendi igo beharko dituzten mendizaleek eta Laboralaren oparitxo bat jasoko dute).

Euskal Herri osorako ate digitala

Proiektua lurralde osora zabaltzeko konpromisoarekin, EMFk sarbide-sistema espezifiko bat ezarri du Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko federatuek ere lehiaketetan modu ofizialean parte hartu ahal izan dezaten, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarrarekin lankidetzan.

Gogoratu behar da EMFren kudeaketa-esparrua oso zabala dela —11 diziplina, 41.000 federatu eta 200 boluntario baino gehiago—, eta digitalizazio osoa urratsez urrats gauzatuko dela. Epe ertainera, aplikazioan beste zerbitzu batzuk ere integratuko dira, hala nola jardueretan eta ekitaldietan izena emateko aukera zuzena.

.....................

Mendizalea bazara eta oraindik ez baduzu ezagutzen, jaitsi Mendiak APPa eta probatu!

Lortu Google Play dendan

Lortu Google Play dendan

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jasotzen du IKT eta euskalgintza deialdietan.

Erantzun

Sartu