Sustatu logoa Teknologia albisteak

Arkhitektôon Biltzarra for dummies

Jordi Agirre
2017-05-25 13:01

Oharra: artikulu honetan ez da "Arkhitektôon Biltzarra" zehatz mehatz deskribatzen, ideia batzuk eta norberak sakontzeko estekak eman baizik. Edo Ikasle Politeiarrok for dummies. Edo Jare Gazteon Biltzarra for dummies. Edo...

Honaino etorri bazara, Twitter edo Facebooken izen eta letra arraroak erabiltzen dituzten talde bati buruz entzun duzulako da, baina ez dakizulako zehazki zer den (edo diren). Lasai, nik ere ez dut oso ondo ulertzen. Theklanek edo Txerrenek urteak daramatzate lortu nahiean, baina ez dakit haiek ere kapazak diren tipo hauek ulertzeko.

Labur labur azalduta: burua jota duten 2-3 tipo dira, hainbat "eragile" sortu dituztenak. Hasieran gehiago ziren (4 edo 5, emakume bat eta guzti), baina gaur egun soilik 2-3k jarraitzen dute. Erakunde nagusia "Arkhitektôon Biltzarra" da (Facebook orria, Twitterra eta Youtube kanala), baina badituzte gehiago ere: Ikasle Politeiarrok, Jare Gazteon Biltzarra, Ikasle Estatalistak... Asko aldatzen doaz, gaur adibidez "Global Students' Assembly" ezagutu dut. Gehiago ezagutzen badituzu utzi iruzkin bat.

Zein da haien ideologia?

Artikulu hau idazteko saiatu naiz haien "Manifestu fundatzailea", "Oinarri ideologikoak" edo antzeko zerbait aurkitzen, baina ez dut topatu. Izango dute, baina Facebookeko orrian beherantza eta beherantza egin ostean, ez ditut topatu. Sakondu nahi baduzu, Issu helbide honetan dituzu hiru dokumentu. Ez harritu gehiena (edo dena) ulertzen ez baduzu.

Haien burua "constitutionalistêak, meritukratak eta illuministêak" hitzekin definitzen dute eta "colonialismoarekin, feminismoarekin eta materialismoarekin" ez dute bat egiten. Haien burua "jainkotzat" dute, "mysogino" bezala definitzen dira eta egunero gehitzen dute hitz edo esaldiren bat. Zuzeun agertu zen artikulu bat baita ere azaltzen saiatzen.

Azalpen hoberen bat eman nahi nuke, baina ezin dut. Ez ditut ulertzen: ez naizelako haien mailara iristen, nola ez. Murgildu zaitez haien Facebook, Twitter edo Youtube kanalean, eta zeozer gehiago ulertzen baduzu, utzi iruzkina.

Zer egiten dute?

Hizki arraroekin idatzi, kartel kutreak diseinatu, Donostiako leku berdinean kartelak jarri, Youtubera bideoak igo... Hasieran haien ideiak zabaltzearekin konformatzen ziren, baina artikulu hau idazteko egin dudan bilaketari esker badirudi azken aldian haien ideologiaren kontra doazenak zein haien ustetan jazartu dituztenak izen abizenez salatzen ari direla (1, 2 eta 3). Beldur pixka bat emango luke, barregurarik sortuko ez balu.

Laburbilduz

Esan bezala, zaila da zer diren zehazki esatea, iluminatu (hitzaren zentzu okerrean) batzuetatik haratago. Haien ideologia, helburuak, desbarioak... ulertzen dituenarentzat puxtarri bat. Eman begiratu bat haien orrialdeei, eta egon prest aho bete hortz gelditzeko. Kartel edo bideo batek harritu bazaitu, egon lasai hurrengoak are eta gehiago egingo baitu.

Bonus Track

Neri grazia berezia egin dizkidaten kartel eta bideoa bat:

Jainkoaren arima

Metempsykhôsia seriea

Zuek ikusten diezue antzeko parezidorik?

Trans-Islamismoa

Kartel hauek egiteko pentsatu dutenaren azalpen baten bila etorri bazara, barkatu baina ez da lekua. Haiei galdetu beharko diezu, ausartzen bazara. Zorte on!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu