Teknologia albisteak

“Ireki leihoa Kubari”, Kubaren aldeko elkartasun jaia azaroaren 29an Abadiñon

Erabiltzailearen aurpegia
2014-11-19 : 14:24
Hainbat ekitaldi izango dira Abadiñoko gaztetxean Kubako Viñales herrian garatzen ari den Ventana al Valle proiektu komunitarioa ezagutzera emateko eta ekimen honen aldeko dirua eta materialak biltzeko. “Ireki leihoa Kubari” goiburupean, azaroaren 28tik 30era izango dira ekitaldiak, baina egun nagusia eta elkartasun-jaia 29an izango dira, larunbatarekin. Proiektuaren aurkezpenaz gain, bideo-emanaldiak, mahai-ingurua, herri-bazkaria, Las dos D bikotearen kontzertua, dantza afrokubarren emanaldia eta, hango DJen eskutik, kubatar musika-aukera izango ditugu.
Ekitaldiak bezperan hasiko dira, ostiralean, “El maestro saharaui” filma ikuskatuko baita. Bertan, planeta osoko beste milaka ikasleren antzera, Kuban ikasitako saharauien bizipenak jasotzen dira dokumental horretan. Horrek bidea emango dio ondorengo mahai-inguruari eta bertan kubatar eta saharaui gonbidatuek eurek emango digute Kubaren elkartasun internazionalistaren testigantza zuzena.

Larunbatean, ekitaldiak 12:30ean hasiko dira, Kubaren egoera sozial eta politikoa aztertuko duen mahai-inguruarekin. Hainbat gonbidatuk hartuko dute parte, Euskadi-Cuba elkarteko eta Ventana al Valle ekimeneko ordezkariak tartean.

Ondoren, herri-bazkaria izango da eta, besteak beste, kubatar plater tipikoak dastatu ahal izango ditugu bertan (arroza, platano frijitua, yuca eta beste). Bazkarirako sarrerak 8€ balio du (haurrak eta langabeak 5€) eta Abadiñoko hainbat saltokitan eskura daitezke edo erreserbatu, e-postaz contacto@ventanaalvalle.org helbidean edo 630 638 368 telefonoan.

16:30ean Ventana al Valle proiektuaren aurkezpena egingo da, Kuba mendebaldeko Viñales herrian bertako kultura-adierazpenak (repentismoa, son, ahozko literatura, dantzak) sustatzeko sortu den ekimen komunitario sozio-kulturala. UNESCOk Gizateriaren Ondarea izendatua duen Pinar del Rio probintziako Viñales haranean sortu da proiektu hau eta dagoeneko arlo batzuk abian ditu, ARISON eta ARICHIQUI dantza taldeak kasu, eta eraikitzen ari dira arte eszenikoetarako eta saioetarako gunea herrian bertan. Horren guztiaren inguruko infomazio zabala emango da bertan, ikus-entzunezkoek lagunduta.

17:30ean Las dos D / Bi Deak kubatar bikotearen txanda izango da, Danieuris eta Daniellis Moya ahizpek euren kubatar eta euskarazko abesti sorta ederra eskainiko digute.

18:30ean yoruba dantzen erakustaldia izango dugu Orisha Ewe taldearekin, eta ostean dantza saio irekia izango da, parte hartu eta ikasi nahi duten guztientzat.

20:30etik aurrera, DJ Germán disko-jartzaileak bere kubatar musika aukerarekin gaua girotuko du.

Aste osoan zehar Kubara bidaltzeko tresnak eta egoera onean dauden arropak bilduko dira gaztetxean. Koadroak eta artisautza-produktuak salduko dira, Ventana al Valle proiektuari laguntzeko. Jaialdia  Ventana al Valle proiektuaren euskal kudeaketa taldeak antolatu du, Euskadi Cuba elkartearen eta Abadiñoko gaztetxearen laguntzarekin. Informazio gehiago eta kontaktua www.ventanaalvalle.org helbidean eta proiektuaren Facebook orrialdean.


irekileihoa620px-50Deskargatu HEMEN kartela neurri handiagoan.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago