Teknologia albisteak

#GasteizEuskarazBizi

Erabiltzailearen aurpegia
2016-07-31 : 20:36

Gasteizko jaien atarian, Gasteizko euskalgintzako gizarte erakundeen ekimenez, eta beste hainbat eragile eta erakunderen babesarekin, Gasteiz Euskaraz Bizi dekalogoa aurkeztu dute. Gasteizko jaietan eta urte osoan zehar euskaraz bizitzeko nahia adierazi nahi dute, “elkarrekin hizkuntza partekatuz, gozatuz eta erabiliz”.

Gero eta gehiago gara Gasteizen euskaraz bizi nahi dugunok; espazio guztietan euskaraz aritu: familian, seme-alabekin, lagunartean, lanean, erosketak egiten ditugunean, sare sozialetan… Elkarrekin hizkuntza partekatuz, gozatuz eta erabiliz. Era berean, euskaraz eredu izan behar dugu; jendaurreko agerpen publikoetan euskarari lehentasuna emanez, hizkuntza paisaian euskarari dagokion lekua eskainiz, baita etorri berriei zein ikasten ari direnei euskaraz egiteko aukera erraztuz ere. Euskaraz guneak eta uneak sortu eta partekatu nahi ditugu; elkarrekin euskaraz bizi, horixe da gure nahia, Gasteizko jaietan eta urte osoan zehar.

Gasteizko jaiak parada ezin hobea da euskaraz bizitzeko; euskarak eta jaiek, biak uztartuta, gozatzeko aukera ematen baitute. Horiek horrela, Gasteizko jaietan hasita, eta urte osora begira, honako dekalogoa proposatzen dugu. Gasteizko euskalgintzako gizarte eragileen ekimenez sorturiko dekalogo honekin bat egiten dugun entitate eta norbanakook dei egiten dizuegu jaietan parte hartzen duzuen guztioi zeuen egin dezazuen #GasteizEuskarazBizi dekalogoa.

  1. EGIN – Edonoiz, edonon, edonorekin… Euskaraz ekin!
  2. AHALDUNDU – Irten armairutik, egin euskararen jabe!
  3. ERAGIN – Izan nahia, euskararen lehengaia
  4. ERABILI – Hidratatu zaitez… Edan euskararen iturritik!
  5. PLAZARATU – Ibaia itsasora, euskara plazara
  6. GOZATU – Egin kosk zure zatiari. Ez geratu puskarik gabe
  7. PARTEKATU – Partekatu gure aterkia #GasteizEuskarazBizi
  8. MURGILDU – Busti, murgildu eta gozatu euskararen uretan
  9. SORTU – Jarri zure pieza Gasteiz euskaldunari!
  10. ALDARRIKATU – Euskaraz bizitzera goaz! Bazatoz?

Sinatzaileen artean, Bertsozale elkartea, GEU elkartea, Lazarraga Kultur elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, AEK, IKA, Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartea, Neska eta Blusen Batzordea eta kuadrilla guztiak, Txosnen Batzordea, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta talde politiko ezberdinak daude.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago