Teknologia albisteak

Arrasateko eskaintza komertziala aplikazio batean

2017-11-21 : 11:58

Arrasateko dendetara online sartzea posible egiten duen aplikazioa martxan dago: ‘Merkatari’. Herritarrak eta komertzioak elkarren artean komunikatzeko sortu den aplikazioa da. Doakoa da eta produktuen eta zerbitzuen promozioak jaso eta erreserbak egin ditzakete erabiltzaileek. Goiena Komunikazio Taldeak eta ISEA Ikerketa Zentroak bultzatu dute Merkatari aplikazioa. Tokiko denda txikiak promozionatzeko tresna bat gehiago izango da.

Arrasatearren eta Arrasateko komertzioen arteko harremana indartzea helburu duen doako erreminta da Merkatari. Txat sistema baten bitartez, erabiltzaileak eta komertzioak elkarren artean komunika daitezke. Era berean, komertzioek negozioaren informazioa argitara dezakete; adibidez, dituzten produktu edo zerbitzuak igota, Merkatariko erabiltzaile guztiek ikus ditzaten. Horrez gain, produktuen eta zerbitzuen promozioak jaso eta erreserbak egin ditzakete erabiltzaileek, baita erosketak baloratu eta horien tiketak gorde ere.

Aplikazioa martxan dago Arrasaten eta 60 bat komertzio dabiltza martxan plataforma berri horretan. Arrasateko Udalaren babesa du eta Ibai-Artek eta Debagoieneko Mankomunitateak kolaboratzen dute.

Edozein komertziok aplikazioan alta ematea nahi izanez gero, www.debagoienakomerkatari.eus webguneko Jar zaitez gurekin kontaktuan atalera jo behar du.

Bezeroek euren betiko dendara jo behar dute aplikazioa erabiltzeko. Dendariak bakarrik eman diezaioke alta bezero bati plataforman.  Prozesua oso erraza da: bezeroak izena eta mugikorraren zenbakia eman behar dio dendariari eta hark aplikazioan alta emango dio; ondoren, bezeroak aplikazioa deskargatuko du mugikorrean. Behin hori eginda, Merkatari erabiltzeko moduan egongo da.

Erantzun

Sartu