Teknologia albisteak

Hezkuntza demokratikoaren aldeko konpromisoa

Erabiltzailearen aurpegia
2014-10-03 : 12:28
Nafarroako Ikastetxe publikoetako Zuzendaritzakideen Elkarteak (NIZEk) aditzera emandako konpromisoa.

Paulo Freirek zioen bezala “etorkizuna aldez aurretik emandako zerbait bezala hartzen denean, bai orainaldiaren errepikapen hutsa balitz bezala, edo hala izan behar duelako, ez da tokirik utopiarentzat, eta, ondorioz, ezta ametsarentzat, ezta hautuarentzat, ezta erabakiarentzat, ezta espektatibarentzat ere. Horrela, itxaropena bizi irauteko dagoen bide bakarra itxi egiten da. Hezkuntzari ez zaio tokirik uzten, soilik entrenamendu hutsari”.

Hezkuntza izango da etorkizuneko gizartearen sustraietariko bat. Gizarte hobe baten bila bizi garen heinean, ezinbestekoa izango zaigu geure buruetan dugun idealaren oinarria eskoletanlandatzea. Tarteka ametsaren zatiak erortzen joanen dira, noski, baina hurrengoek jorratu beharreko bidean noranzkoa erakutsiko duten apurrak izanen dira, pixkanaka, apurka, ideala lortzen lagunduko dutenak.

Desiratutako gizarte hori irekia, anitza, proaktiboa, parte-hartzailea eta demokratikoa izatea nahi badugu, halakoa izan beharko du geure hezkuntzak. Hezkuntza prozesuaren parte diren talde guztiek izan behar dute zer esana, ikasle ororen garapen integrala helburutzat baldin badugu bederen. Talde horiek gainera eskumena izan behar dute, erabakien parte izateko aukera, bestela ez baitira prozesuaren zati sentituko eta azkenik, inplikazio falta ekarriko dielako.

Indarrean sartu berri den hezkuntza legeak hori azpimarratu nahian ekiten dio bere hitzaurrean. "Hezkuntzaren eraldaketa ez da soilik hezkuntza sistemaren erantzukizuna...Murgilduta gauden eraldaketa sozialaren arrakasta hezkuntzaren menpe dago. Baina gizarte zibilaren inplikaziorik gabe ez da hezkuntza eraldaketarik izango" dio sarreraren bigarren kapituluan.

Hori bai, bere 127. artikuluan, Eskola Batzordearen eskumenetan, "erabaki" eta "onartu" aditzak deuseztatzen ditu. Eskola komunitate osoaren ordezkaritza duen organo bakarra erabakitzailea izatetik, kontsultiboa izatera pasatzen da. Aurreko adjektibo hau aurreproiektutik ezabatu dute azkenean, baina lehen aipatutako bi aditzak, aurreko legean zeudenak, ez dizkiote itzuli. Kosmetikaren iruzurra.

Kontraesana, beraz, nabaria da. Pisu legalik ez duen hitzaurrean komunitatearen inplikazioaz hitz egiten du eta erabakigarria den artikuluan ordea, aurreko guztia zapaldu egiten du. Agian eraldatu nahi dena, horixe paradoxa, gero eta nabariagoa den eraldaketa soziala da, gero eta ozenago, sektore ezberdinetatik, denoi eragiten diguten erabaki garrantzitsuetan guztion parte hartzea aldarrikatzen duena, hain zuzen ere.

Horregatik, geure zuzendari karguak merezi duen errespetutik, hezkuntza demokratiko eta parte hartzailearen alde egiten dugu eta gure ikastetxeetan, besteak beste, Eskola Batzordeek orain arte bezala jarduteko konpromisoa hartzen dugu, non hezkuntza komunitate osoari dagozkion gai garrantzitsuenak "erabakitzen" eta "onartzen" jarraituko diren.

Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkartea · D eredu publikoa. NIZE

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago