Teknologia albisteak
1

Urrezko Globoak: 'Argo' eta 'Les Misérables', gaueko protagonistak

Erabiltzailearen aurpegia
2013-01-14 : 11:00
Ben Affleck zuzendutako 'Argo' eta Tom Hooperren 'Les Misérables' izan dira irabazle nagusiak. Steven Spielbergen 'Lincoln' pelikulak, faboritoa zena, sari bakarra lortu du. Telebistari dagokionez, 'Homeland' eta Girls' lanek irabazi dituzte sari garrantzitsuenak.
Sorpresak egon dira Urrezko Globoen 70.edizioan. Urtero legez, Hollywooden lanean aritzen den atzerriko prentsak pelikula eta telesail hoberenak saritu ditu glamourez betetako ekitaldi honetan. Aurten, Ben Affleck zuzendutako 'Argo' eta Tom Hooperren 'Les Misérables' musikalaren moldaketa izan dira gauaren errege.

'Argo' pelikulak zuzendari eta drama onenaren sariak irabazi ditu. Ben Afflecken pelikularekin batera, 'Les Misérables' izan da gaueko protagonista, kasu honetan komedia edo musikal onenaren kategorian. Guztira, hiru sari irabazi ditu Tom Hooperrek zuzendutako musikalak: komedia edo musikal onena, gizonezko aktore onena (Hugh Jackman) eta emakumezko bigarren aktore onena (Anne Hathaway).

Tina Feyk eta Amy Poehlerrek aurkeztutako sari banaketan sorpresarako lekua egon da. Philip Seymour Hoffmanek 'The Master' pelikulan egindako lanarengatik gizonezko bigarren aktore onenaren saria lortuko zuela aurreikusten zuten kiniela gehienek, baina oraingoan, okertu egin dira. Saria Christoph Waltz karismadun aktoreak irabazi du, Quentin Tarantinoren 'Django Unchained' pelikulan egindako lanagatik (Tarantinoren pelikulak gidoi onenaren saria ere irabazi du).

Bestetik, Steven Spielbergen 'Lincoln' izan da gaueko galtzaile nabarmenena. Izendapen gehien biltzen zituen pelikula izan arren (7 guztira), sari bakarra lortu du: drama kategorian gizonezko aktore onenaren saria Daniel Day-Lewis aktorearentzat izan da. Oscar sarien lasterketan faboritoen artean kokatzen da Spielbergen pelikula, baina oraindik, 'faboritotasun' hori sarietan ez du islatuta ikusi 'Lincoln' pelikulak.

Urrezko Globoen sariak otsailaren 24an Oscar sarietan gerta daitekeenaren aurrerapena direla esan  ohi da, baina ez du zertan horrela izan behar. Izan ere, aurten izendapenak guztiz bat ez datozelako. Adibidez, Urrezko Globoetan Ben Afflecken zuzendari lana saritu duten bitartean, Oscar sarietan zuzendari onenaren kategorian ez du hautagaitza lortu.

Sari banaketa kontuan hartuta, zenbait ondorio atera ditzakegu: 'Les Misérables'ek Oscar sarietarako lasterketan berriro indartsu sartzeko behar zuen bultzada lortu du irabazitako sariekin. Gizonezko aktore onenaren kategorian Daniel Day-Lewis garaitzea zaila izango den arren, sorpresak egon daitezke; Hugh Jackman eta Joaquin Phoenix lehiakide indartsuak izango direlako. Antzekoa gertatzen da emakumezkoen kategorian. Jessica Chastainek eta Jennifer Lawrencek Urrezko Globo bana lortu dute, 'Zero Dark Thirty' thrillerrean eta 'Silver Linings Playbook' komedian egindako lanengatik, hurrenez hurren. Bien arteko lehia, interesgarrienetako bat izango da. Azkenik, lehiakiderik ez duen aktore bakarra Anne Hathaway dela dirudi. Urrezko Globoa lortu ostean, Oscarra gero eta hurbilago du. 

Aktoreen jantziek pelikula irabazleak baino eztabaida sutsuago bat piztuko dute seguruenik, baina aurtengo 'lasterketa' azken  urteotan izandako interesgarrienetako bat eta lehiatuenetako bat izango dela aipatu beharra dago. Kategoria askotan faborito argi bat ez egoteaz gain, orokorrean, pelikulen kalitatea eta aktoreen lana benetan onak direlako, salbuespenik gabe.

Irabazle guztien zerrenda

Erantzunak

2013-01-15 : 09:33

Eskerrik asko @naiara_glez kronika honengatik. Donostiako Zinemaldian, gure kritikari Xabier Mendigurenek oso gogoko izan zuen Argo. Horra bere kronika:

http://sustatu.com/xme64/1348317630

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago