Sustatu logoa Teknologia albisteak

Spotbros aplikazioa: Whatsapp -aren ordezko izateko jaio (omen) zena

Maialen Unanue
2012-07-11 14:05

Whatsapp-ak bezala, bi pertsonen edo gehiagoren arteko elkarrizketa ahalbidetzen du Spotbros-ek, doan. Aplikazio honen berrikuntza eta iraultza, baina, Shout eta Spot izeneko elementuen ondorio lirateke. Lehenengoaren bidez, zure inguruan dauden -eta Spotbros erabiltzen duten- horiekin elkarreragin ahal izango duzu. Hau da, ezagutzen ez duzun herri batean bazkaltzeko leku baten aholkua nahi baduzu, Shout bat bidal dezakezu, eta ingurukoek erantzun diezazukete, ezagutu ez arren, eta elkarren telefono zenbakiak eduki ez arren.

Spotak, berriz, taldeko eztabaidetarako sortu dituzte. Edozerri buruzkoak izan daitezke. Aplikazioak bizi zaren zonaldean dauden taldeak identifikatu eta erakutsiko dizkizu, eta zure interesekoak badira, euren jardunera batu zaitezke.

Whatsapparen aldean, sozialagoa izan nahi omen du aplikazio honek, eta dituen funtzioak ikusita baietz esan daiteke, asmoak ondo bideratu dituztela. Baina aplikazio baten sozialtasuna edo, duen erabilgarritasunaren eta zabalkundearen araberakoa ere badela esango nuke, eta horretan hanka motz dabil Spotbros. Aplikazioaren etorkizun oparoa iragartzen zuten artikulu horiek otsailakoak dira gehienak -ordurako 8.000 deskarga izan zituen-. Nik instalatu dudanean, baina, ikusi dut nire kontaktuetatik bik bakarrik daukatela euren telefonoetan. Benetan Whatsapp -aren lehiakide izango balitz aspaldi hartuko zion aurrea. Hau da, otsailaz geroztik denbora izan dute sortzaileek aplikazioari publizitatea egin eta ahalik eta gehien zabaltzeko, eta horren ordez, basamortua gailendu dela Spotbros -en bidean.

Gauzak horrela, telefonotik kentzea erabaki dut, batetik, geolokalizazioarenak susmo txarrak sortzen dizkidalako betidanik, eta, bestetik, helburu onetarako oso ona izan daitekeen arren, asmo txarrak dituztenentzako ere tresna ona izango dela uste dudalako.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu