Teknologia albisteak

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. txapelketa, urriaren 11an Irunen

2014-09-29 : 10:12

Zortzigarren edizioa du aurtengoan Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketak, gurutzegrama zale euskaldunen lehiaketa nagusiak. Egitarauan halako aldaketarik bideratu ez den arren, guztiz esanguratsua da, ordea, aurten antolatzaileek, LUMA aldizkariaren egileek, leku eta egutegi mailan aintzat harturiko erabakia, Irungo Bidasoako EKT elkartean eta urriaren 11n jokatuko baita txapelketa, eta ez Irungo Ola Sagardotegian eta azaroaren azken larunbatean, azkenaldi honetan gertatu bezala. Erne egon zaitezte, beraz, hartan parte hartu nahi duzuen guztiok, egutegian beharreko urratua egiteko, eta beharreko lekura xuxen-xuxen joateko.

EGITARAUA
Arestian adierazi dugun bezala, bere ohiko egitarauari eutsiko dio aurtengoan ere Txapelketak. Goiz partean, 10.00etatik eguerdiko ordu biak arte, jokatuko dira lehiaketa-proba guztiak, baita finala ere, eta bazkalondoan banatuko dira sariak. Arratsaldeko 18.30ak arte, luzatuko da jardunaldia.

Halatan, urriaren 11ko goizeko 9.30etarako bilduko dira lehiakide guztiak Bidasoako EKT elkartean (Larretxipi karrika 12, behea, Irun), eta goizeko 10.00etan hasiko da txapelketa.

Hiru lehiaketa-atal nagusi ditu Txapelketak: kanporaketa, finalaurrekoa eta finala.

Ordu laurdeneko bi saio bereizten dira kanporaketan: 10 x 10 laukiko taula bete beharko dute lehiakide guztiek aurreneko saioan eta 11 x 11 laukikoa bigarrenean. Haren ondoan egingo da lehenengo bereizkuntza: hamasei lehiakide igaroko dira finalaurreko saiora eta txapelketatik kanpo geldituko dira gainerako lehiakide guztiak.

Kanporaketa saioak bukatutakoan, mokadutxoa hartu ahal izango dute parte hartzaile guztiek, indarberritzeko.

Eguerdian puntuan hasiko da finalaurreko saioa, ordubete iraungo duena. 12 x 12 laukiko taula beteko dute lehiakideek bitarte horretan, eta lau hoberenak igaroko dira ondoren finalera.

Kanporaketan eta finalaurrekoan, aretoko mahaietan egokitu eta gero beteko dute lehiakideek lana. Hiztegi-liburuak erabili ahal izango dituzte, baina ez da ordenagailurik onartuko.  

Agerian eta jendaurrean jokatuko dute finala, eguerdiko 13.15etatik aurrera, hartara iritsi diren lau lehiakideek. Ez dira mahaian ariko, zutik paraturiko paneletan baizik, eta besteak zertan ari diren ez dakitela jardungo dute. Lehiakideek 15 x 15 lauki dituen taula bat eta bera beteko dute lehiakideek, ordubeteko epean.

LEHIAKIDEEN LANAREN NEURKETA

Zuzentasuna eta lastertasuna izango dira, hurrenez hurren, lehiakide bakoitzak eginiko lana neurtzeko erabiliko diren irizpideak. Garrantzitsua da taula bizkor betetzea, baina ez da hori beti aski aldeak zehazteko. Izan ere, erantzunen zuzentasuna izango da probaren bukaeran gogoan hartuko den lehen irizpidea, eta lastertasuna ondoren.

JOKOEN PRESTAKUNTZA

Hitz gurutzatuen edo gurutzegramen taxuko jokoak aurkeztuko dituzte antolatzaileek txapelketako probetan eta aurtengo honetarako espresuki sortuak izango dira taula guztiak. Halatan, lehen mailako garrantzia izango dute haietan eskainiko diren definizioek edo azalpenek. Mota askotakoak izan daitezke definizio horiek, eta urrundu egiten dira ez gutxitan hiztegietan topatzen ditugun estereotipoetatik. Luma Taldeko kideak, LUMA hilabetekariaren egileak, arduratuko dira jokoen prestakuntzaz eta haien egokieraz eta zuzentasunaz. Era berean, epaile izango dira Luma Taldeko kideak, horren beharra suerta litezkeen egoera guztietan. Nolanahi ere, LUMA aldizkarian azaltzen diren jokoen hein eta neurrikoak izango dira txapelketakoak, kontuan harturik betiere gisa honetako lehiaketek behar duten bixigarria.

SARIAK

Finalera iritsi diren lehiakideak:

1. postua. Txapela, 350 euro eta oroigarria.

2. postua. 225 euro eta oroigarria.

3. postua. 120 euro eta oroigarria.

4. postua. 60 euro eta oroigarria.


Finalaurrekoan parte hartu duten beste lehiakideak:

5. - 16. postuak. 20 euro eta oroigarria.

Kanporaketan parte hartu duten beste lehiakide guztiak:

17. postutik aurrera. Oroigarria.


BABESLEAK

Irungo Udala, Euskadiko Kalitatea Fundazioa eta Bidasoako EKT elkartea ditugu Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketaren babeslea eta laguntzaile bereziak.



IZEN EMATEA

Hala nahi duten zale euskaldun guztiek hartu ahal izango dute parte parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketan.

25 euro ordainduko ditu txapelketan parte hartu nahi duen lehiakide bakoitzak (txapelketa + bazkaria). 20 euro, LUMA hilabetekariaren harpideduna bada. Bazkaritan gelditzeko aukerarik ez duen lehiakideak izen emateko kuota baizik ez du ordainduko (dohainik, LUMA hilabetekariaren harpideduna bada).

2014ko urriaren 8an bukatuko da izena emateko epea. Bertan, txapelketa egunean eta lekuan, ordainduko dira izen emateari eta bazkariari dagozkien kuotak.


Izena emateko:

  • Tel. 943630883.
  • e-posta: xedera@xedera.com

Erantzun

Sartu