Teknologia albisteak

Zaldieroaren De Rerum Natura tiren eragin kultural eta politikoaz

Erabiltzailearen aurpegia
2024-05-02 : 08:55

Crossover Series jaialdia antolatzen da Donostian telesailen inguruan hausnartzeko. Joan den ostiralean bi kazetari espainiar izan ziren bertan, Emilio Domenech 'Nanisimo' eta Pedro Vallín"telesailak eta politika" gaitzat hartuta tertulian, Ylenia Benitok moderatuta. "Fikzioa eta euskal politika" etorri zelarik solasera, hona hausnarketa batzuk, han denbora faltan esan ez nituenak, baina bai gero gaztelaniazko hari batean jarriak (hona euskaratuta dakart edukia orain, noski).

Galdera bat izan zuten Domenech eta Pedro Vallínek ea euskal politikaren kontua nola ikusten uztartuta ikus-entzunezko fikzioekin. Denbora faltagatik-edo, ez zuten asko sakondu, baina esan zuen Vallinek nola sinestezina egiten zitzaion Iñigo Urkullu lehendakaria, abstemio eta sailkaezina... Beherago honetaz gehiago.

Tira, nire ekarpena: ikus-entzunezkoetan espainolek ezagutu ditzakete El Negociador eta Fe de Etarras komedia, bereziki ona nire iritziz lehena, baina uste dut euskaraz egindakoek ere merezi luketela aipua, esate baterako Jaun ta Jabe telesaila, bere lehendakari sukaldariarekin.

Horrez gain, ikus-entzunezko kategorian ez da sartuko, baina nire ustez De Rerum Natura tirak, Zaldieroarenak Berrian, badira zerbait. Umore narratiboa darie, zinetik eta gag ikus-entzunezkoetatik elikatu direnak, egoera sozial deserosoak deskribatzen sarri hala nola Curb Your Enthusiasm telesailean.

Hain zuzen ere, Vallinek Urkullu deskribagaitza aipatu zuenean etorri zitzaidan burura, nola Ibarretxe izan zen Braveheart elfo-belarriduna Zaldieroarenrzar, eta Patxi Lopez Napoelon negutiar bat, aide-de-champ batek negu errusiarrean beti 'sire' esaten zion hura... Eta aldiz, ez zuela jakin nola marraztu Urkullu. Fotoxopatutako errekorte batek egin zituela urteak Berrian...

Badakigu gainera Urkulluri ez ziola grazia handirik egiten pertsonaia marraztuak, eta esan zuela elkarrizketa batean 'ideologia batekoa' zela marrazkilaria... ai ai ai, ez ote du Pradalesek (lehendakari bihurtzen bada, itxura guztien arabera hau sinatzeko unean) patu bera pairatuko tiretan!

Lehendakariez gain pertsonaia zoragarriak izan ditugu politika-fikzioan Zaldieroaren rietan. Estelada eta ikurriña kafea hartzen Katalunia eta Euskal Herria konparatzen ziren bakoitzean, Nafarroa Kapitaina super-heroikoa eta bere sidekick Petilla Subkomandantea, Gizon Jakintsua nola ez...

Eta bereziki, The Organization. Hau da, ETA. Kagulaz jantzitakoen The Office bat bailitzan...

Uste dut zinez ETAren amaieran garrantzi kulturala izan zuen zerbait izan zela The Organization.

Erantzun

Sartu